Mundua -
Hondamendi naturalak
Idai zikloiaren kaltetuei laguntzeko erreskate lanak areagotu dituzte Afrikan
Dagoeneko 350 dira hildakoak Mozambiken, Zimbabwen eta Malawin eta 1,5 milioitik gora, ostera, kaltetutakoak. Erakunde batzuen esanetan, ordea, baliteke hildakoak milatik gora izatea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Afrikan hego-ekialdean, Idai zikloiaren kaltetuei laguntzeko lanean jarraitzen dute. Azken orduetan, gainera, areagotu egin dituzte erreskate eta laguntza lanak. Zenbaki ofizialen arabera, dagoeneko 350 dira hildakoak Mozambiken, Zimbabwen eta Malawin eta 1,5 milioitik gora, ostera, kaltetutakoak.
Oraindik ez dago hondamendiaren benetako tamainaren inguruko daturik. Hala ere, nazioarteko hainbat erakundek ohartarazi dutenez, litekeena da Idai zikloia hego hemisferioko hondamendi meteorologiko larriena izatea. Izan ere, oraindik agintariek ez dute ur azpian dauden toki batzuetara iristerik lortu. Save the Children nazioarteko erakundeak azken egunetan iradoki duenez, hildakoak dozenaka milatik gora izan daitezke.
Mozambikeri dagokionez, 217 dira hildakoak, Celso Correia Mozambikeko Lur eta Ingurumen ministroak ostegun honetan jakinarazi duenez. Gainera, kaltetuen artean 260.000 haur daudela jakinarazi du Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak.
Idai zikloiak iragan ostegunean ukitu zuen lurra Beiran (Mozambike) eta handik Zimbabwera mugitu zen.
Nazio Batuen erakundeak atzo emandako datuen arabera, 102 pertsona hil dira Zimbabwen, baina datozen egunetan hildakoen kopuruak gora egingo duela aurreikusten da.
Emmerson Mnangagwa Zimbabweko presidenteak atzo adierazi duenez, helikopteroak bakartuta dauden herrietan laguntza banatzen hasiko dira, "klima aldekoa" dela baliatuta.
Erreskate lanak zailak izaten ari dira, lainoak, behe-lainoa eta euria tarteko.
Malauik, ostera, zikloiaren aurreko ekaitz tropikalaren ondorioak pairatu ditu eta gutxienez 56 pertsona hil dira.
Munduko Osasun Erakundeak premiazko mediku laguntza bidali du Mozambike, Zimbabwe eta Malawiko osasun beharrei erantzuteko. Bestalde, Munduko Bankuak 90 milioi euroko laguntza iragarri du eta Afrikako Batasunak 350.000 dolar bidali ditu.