Mundua -
Bilera
Gadafirik gabe Libia nola bideratu eztabaidatuko dute gaur aliatuek
Nazioarteak operazio militarrak aztertu eta su-etenaren ostean egin beharrekoak erabakiko ditu.
Erredakzioa
Libian parte-hartze militarra izan duten nazioarteko koalizioko herriak Londresen bilduko dira gaur Muamar Gadafi koronela agintea uztera behartu eta hauteskunde askeak ekarriko dituen eztabaida nazionala bultzatzeko modua aztertzeko asmoz.
Libiaren inguruan sortutako "bitarteko taldea" lehen aldiz bilduko da, NATOk operazio militarra gidatzeko eta Libiako herritarrak babesteko erabakia bere gain hartu duenetik.
Koalizioa osatu duten 11 gobernuetako Atzerri ministroekin batera, 35 herritako diplomaziaren buruak (arabiarrak, horietako asko) eta nazioarteko zenbait erakundetako ordezkariak bilduko dira bileran. Besteak beste, Ban Ki Moon Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusia eta Jean Ping Afrikar Batasunerako Erakundeko (OUA) presidentea izango dira bertan.
Bilera 12:30ean (ordu bat gehiago EAEn) abiatuko da, Lancaster Housen, koalizioa osatu duten herrien arteko bilkura batekin, operazio militarrei buruz eztabaidatzeko. William Hague ministro britainiarrak gidatuko du, eta Trinidad Jimenez ministro espainiarra ere bertan izango da, iturri diplomatikoek Europa Press albiste agentziari jakinarazi diotenez.
Halaber, Sarkozyk eta Cameronek astelehenean izan zuten ekimena aztertuko dute. Elkarrekin egin zuten adierazpen batean, Gadafi "berehala joan behar da Libiatik" esan zuten, eta haren jarraitzaileei diktadorea "berandu izan baino lehen" uzteko eskatu zioten.
Adierazpen horiekin, Nicolas Sarkozyk eta David Cameronek Libiako etorkizunaren inguruko "irtenbide politikoa" proposatu dute horrela.
Frantziako presidenteak eta Erresuma Batuko lehen ministroak Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin eta Barack Obama AEBetako presidentearekin eztabaidatu dute proposamena, telefono bidezko konferentzia batean. Eliseoko iturrien arabera, lau agintariak 40 minutuz aritu dira Libiako etorkizunaz hizketan.
NATOk 48 ordutan hartuko du agintea
Bestalde, NATOk "48 orduta, gutxi gorabehera" hartuko du operazio militar guztien agintea, Carmen Romero bozeramaileak jakinarazi duenez.
Hogeita zortzi herrialde aliatuek akordioa lortu zuten atzo, NBEren Segurtasun Kontseiluko 1973 ebazpenaren ondorioz NATOk agintea har dezan, betiere Gadafiren bonbardaketetatik herritarrak babesteko.
Herrialdeak astebetez negoziatzen izan dira, baina azkenean zalantza gehien zituzten biek, Turkiak eta Frantziak, gainerakoekin ados jartzea lortu zuten.
Bestalde, Libiako matxinoek Sirte herria kontrolatzen dutela esan dute, haien bozeramaile batek jakinarazi duenez.