Mundua -
BI MESKITEN KONTRAKO ERASOA
Armen gaineko kontrola areagotzeko legea gogortuko du Zeelanda Berriko Gobernuak
Christchurcheko atentatuaren ustezko egileak uko egin dio ofiziozko abokatua izateari eta bere burua defendatuko du epaiketan.
AGENTZIAK
Jacinda Ardern Zeelanda Berriko lehen ministroak astelehen honetan iragarri duenez, bere Gobernua ados jarri da armen gaineko kontrola areagotzeko legea gogortzeko. Iragan ostiralean Christchurch hiriko bi meskiten kontrako erasoan, 50 pertsona hil eta dozenaka zauritu zituzten.
"Gure komunitatea seguruagoa izan dadin, orain hartu behar ditugu neurriak", adierazi du lehen ministroak prentsaurrekoan. Gaineratu duenez, bere Gobernuak aho batez hartu du erabakia.
Buruzagi zeelandaberritarrak zehaztu duenez, 10 egun barru emango dituzte lege erreformaren xehetasun guztiak.
Brenton Tarrant Zeelanda Berriko sarraskiaren ustezko egileak uko egin dio ofiziozko abokatua izateari eta epaiketan bere burua defendatzeko asmoa duela ziurtatu du. Orain arte bere ofiziozko abokatu izan den Richard Peters abokatuak baieztatu dio albistea New Zealand Herald egunkariari. Epaiketa bere ideia supremazistak eta xenofoboak zabaltzeko bozgorailu gisa erabiliko duenaren beldur dira.
Ikerketari dagokionez, erasotzaileak bakarrik jardun zuela uste du Zeelanda Berriko Poliziak. Horrela baieztatu du astelehen honetan Mike Bush Zeelanda Berriko Polizia buruak.
"Itxura guztien arabera, erasotzaile bakarra izan zen gertaera izugarri horren arduraduna", azpimarratu du Bushek. "Horrek ez du esan nahi, ordea, beste batzuek babesa eman ez diotenik, eta hori da orain gure ikerketaren zati garrantzitsuenetako bat", gaineratu du.
Bestalde, Christchurch hiriko armategi bateko jabeak nabarmendu duenez, sarraskiaren ustezko egileak internet bidez armak erosi zizkion. "Gun City-k lau arma eta munizioa saldu zizkiola jakinarazi diot Poliziari", azaldu du Gun City Limited dendako jabeak.