Mundua -
Erresuma Batua
'Brexit'a atzeratuko duen ala ez erabakiko du gaur Parlamentu britainiarrak
Theresa Mayk atzo aurkeztutako mozioak 'brexit'a aurrera eramateko hiru hilabeteko atzerapena eskatzea aurreikusten du, martxoaren 20a baino lehen hausturarako itun bat onartzen ez baldin bada.
Agentziak | Erredakzioa
Ostegun honetan erabakiko du Britainia Handiko Parlamentuak Europar Batasunari brexitarekin lotutako luzapena eskatuko dion ala ez. Berez, martxoaren 29rako aurreikusi zuten EBtik ateratzea.
Ostegun honetan bozkatzeko mozio bat aurkeztu zuen atzo Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak. Brexita aurrera eramateko hiru hilabeteko atzerapena eskatzea aurreikusten du mozioak, martxoaren 20a baino lehen hausturarako itun bat onartzen ez baldin bada.
Parlamentuak ordurako itunik berresten ez baldin badu, atzerapena are handiagoa izan daitekeela ohartarazi du Gobernuak, Erresuma Batua maiatzean Europako Parlamenturako hauteskundeetan parte hartzera behartuz.
Komunen Ganberak, gehiengo handiz, azaroan sinatutako brexiterako akordioa bi aldiz atzera bota badu ere, datozen zazpi egunetan diputatu batzuek iritziz aldatzea espero du Mayk oraindik.
Hori gertatzen baldin bada, ekainaren 30era arte luzapena eskatuko dio Erresuma Batuko Gobernuak Bruselari, brexita aurrera eramateko “beharrezko legedia onartzeko asmoz”.
Bestalde, ezetza berriro nagusituz gero, luzapena eskatzeko “asmoa argi” azaltzeko eska diezaiokete Europar Batasuneko buruzagiek Erresuma Batuari, ostegun honetan bozkatu beharreko mozioak ohartarazten duenez. Ondorioz, epea hiru hilabetetik gorakoa izan daiteke.
Europar Batasuneko gainerako herrialdeek aho batez onartu behar dute brexita atzeratzea. Lisboako Ituneko 50. artikuluaren arabera, brexita martxoaren 29an gauzatu behar da, haustura prozesua martxan jarri eta bi urtera.
“2019ko ekainaren 30a baino luzeago jotzen duen atzerapenik izanez gero, Erresuma Batuak Europako Parlamenturako hauteskundeetan parte hartu beharko luke, 2019ko maiatzean”, aurkeztutako mozioak jasotzen duenez.
Europako ganbera berria uztailaren 2an osatzea aurreikusi dute, Europar Batasuna osatzen duten herrialde guztietan hauteskundeak maiatzaren 23a eta 26a bitartean egin ostean.
Erresuma Batuko Gobernuaren mozioari zuzenketak aurkezteko aukera dute talde politikoek; ondorioz, diputatuek Exekutiboaren proposamena aldatzeko parada izango dute bozketa egin aurretik.
"Luzapen luze baten alde" agertu da Tusk
Kontseilu europarreko presidente Donald Tuskek aurreratu du "luzapen luzea" eskatuko diela Europar Batasuneko buruzagiei, betiere, atzerapen horrek brexitarekin lotutako estrategia "birpentsatzeari" erantzuten badio.