Mundua -
Erresuma Batua
Komunen Ganberak lau botoko aldearekin baztertu du akordiorik gabeko 'brexit'a
Zuzenketa ez lotesle bat babestu du Komunen Ganberak. Horrela, akordiorik gabe EBtik ateratzea baztertu du Ganberak, ez bakarrik martxoaren 29an, edonoiz baizik.
Agentziak | Erredakzioa
“Edonoiz eta edonola” Bruselarekin akordiorik adostu gabe Europar Batasunetik (EB) ateratzea baztertu du Erresuma Batuko Parlamentuak.
Zuzenketa ez lotesle bat babestu du Komunen Ganberak. Ekimenak aldeko 312 boto jaso ditu, eta kontrako 308. Horrela, akordiorik gabe EBtik ateratzea baztertu du Ganberak, ez bakarrik martxoaren 29an, edonoiz baizik.
Horrela, Spelman/Dromey zuzenketa lau bozeko alde txikiarekin onartu dute parlamentariek, brexitak Ganberan eragiten dituen tentsio politikoen lekuko.
Hasiera batean Gobernuak planteatutako proposamena baino haratago doa zuzenketa; izan ere, Parlamentuak akordiorik gabeko brexita “edozein inguruabarretan” errefusatu du. Downing Streetek, ostera, irteera kaotikoa martxoaren 29rako bakarrik baztertzea proposatu du.
Emaitza honekin, litekeena da Komunen Ganberak bigarren zuzenketa bat bozkatzea, Gobernuak EBri brexita atzeratzea formalki eskatzeko, Theresa May lehen ministroak asteartean aurreratu bezala.
Asteartean bertako Parlamentuak bigarren aldiz atzera bota zuen Erresuma Batua Europar Batasunetik (EB) ateratzeko Theresa May lehen ministroak eta Bruselak lorturiko akordioa.
Atzoko bozketan, Komunen Ganberako 391 diputatuk brexitaren akordioaren kontra bozkatu zuten eta 242k, ostera, alde. Urtarrilean bozkatu zuten akordioarekiko aldaketa txiki bat jasotzen zuen atzoko testuak. Ipar Irlandan muga saihesteko mekanismoa ez betikotzeko bermea lortu zuen Theresa Mayk "azken unean", baina ez da nahikoa izan diputatuen iritzia aldatzeko.
Brexitari buruzko bozketaren emaitza ezagutu ostean, (Europar Batasunetik) irteteko aukerarik onena "modu ordenatuan" egitea dela azpimarratu zuen Theresa Mayk, kontrakoak eragingo lukeen "kalteaz" ohartaraziz.