Mundua -
Erresuma Batua
Parlamentu britainiarrak berriro bota du atzera 'brexit'aren akordioa
Gauzak horrela, asteazken honetan beste bozketa bat egingo dute, Komunen Ganberak Erresuma Batua Europar Batasunetik akordiorik gabe ateratzea babesten duen ala ez jakiteko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Parlamentu britainiarrak bigarren aldiz bota du atzera Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko Theresa May lehen ministroak eta Bruselak egindako ituna.
Komunen Ganberako 391 diputatuk kontrako bota eman dute, eta 242 alde agertu dira.
Joan den urtarrilean, kolpe nabarmena jaso zuen Mayk, Parlamentuak errefusatu egin baitzuen brexit-a gauzatzeko Europar Batasunarekin egin zuen akordioa. Irtenbide bat bilatzeko asmoz, bilera-sorta abiatu zuen orduan talde parlamentario guztiekin.
Testuinguru horretan, atzo, Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearekin bildu zen Estrasburgon, eta Ipar Irlandako mugari buruzko puntu polemikoari eman behar zaion interpretazio juridikoan aldaketak egitea hitzartzea lortu zuen. Hala ere, gaur, diputatuek berriro bota dute atzera brexit-aren akordioa.
Gauzak horrela, Mayk jakinarazi du asteazken honetan beste saio bat egingo dutela Parlamentuan, akordiorik gabeko brexit-a indarrean jarri ala ez erabakitzeko. Komunen Ganberak aukera hori baztertuz gero, ostegunean beste bozketa bat egingo dute Europar Batasunetik ateratzeko data atzeratzeari buruz, epe hori martxoaren 29an amaitzen baita.
Alabaina, Mayk zehaztu du epe hori ez litzatekeela gehiegi luzatuko, maiatzaren 26an Europako hauteskundeak direla kontuan hartuta.
Nolanahi ere, Parlamentu britainiarrak brexit-a burutzeko data atzeratzea eskatu arren, azken hitza Europar Batasunak izango luke.
Europar Batasunak deitoratu egin du Parlamentu britainiarraren erabakia eta akordiorik gabeko brexit-a saihesteko zer gehiago egin daitekeen ez dakiela ohartarazi du.
"Dezepzionatuta gaude Erresuma Batuko Gobernua ez delako gai izan bi aldeok adostutako itunak eskatzen zuen babesa bermatzeko", adierazi du Donald Tusk Europako Kontseiluko presidentearen bozeramaile batek.
"Europar Batasunak bere esku zegoen guztian egin du akordioa izateko. Abenduan, urtarrilean eta atzo gauean itunari gehitutako argibideen ostean oso zaila da jakitea zer gehiago egin daitekeen. Blokeo egoera honentzat konponbidea badago, hori Londresen topatu dezakete soilik", erantsi du.
Bestalde, Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruzagiak hauteskundeak aurreratu ditzala eskatu dio Mayri. Ian Blackford Eskoziako Alderdi Nazionalistako arduradunarentzat, berriz, irtenbidea beste erreferendum bat deitzea izan daiteke.