Mundua -
SIRIA
Siriako Indar Demokratikoak Baghuz guztiz kontrolatzeko operazioa berrabiatu du
Erasoari berrekin aurretik, ehunka zibil atera dira hiritik, jihadisten senideak gehienak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Siriako Indar Demokratikoak Baghuz hiria guztiz kontrolatzeko operazioa berrabiatu zuen igandez, jihadistei amore emateko emandako epea amaitu ostean. Hain zuzen ere, Estatu Islamikoak (ISIS) Sirian duen azken gotorlekua da.
Mustafa Bali Siriako Indar Demokratikoko bozeramaile batek azaldu duenez, Baghuz hiriarekiko azken erasoa egiteko agindua jaso dute. Azken asteetan ingurua setiatuta dute eta azken eraso honekin guztiz kontrolatu nahi dute. Baliren esanetan, larunbatetik ez da zibilik atera Baghuz hiritik eta ez dago zibilen arrastorik. Hori dela eta, erabaki omen dute erasoari berrekitea.
Lurreko erasoaz gain, ustez, jihadistek armak eta munizioa gordetzen dituzten tokiak airez erasotuko dituzte.
Milaka zibil atera dira, jihadisten senideak gehienak, azken asteetan. Horrez gain, 4.000 miliziano inguru errenditu dira azken hilabeteetan.