Mundua -
Al Baghouz (Deir al Zur)
Estatu Islamikoaren azken gotorlekuaren aurkako erasoa hasi dute Sirian
Azken egunetan milaka zibil, horien artean jihadisten senideak diren emakumeak eta haurrak zein Estatu Islamikoak bahitutako pertsonak, Baguzetik atera dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Estatu Islamikoaren azken gotorlekuaren aurkako erasoa abiatu dute Siria Demokratikoaren Indarrek Al Baghouzen, Deir al Zurreko probintzian.
“Milaka zibil eta bahitutako gure burkideak atera ondoren, Estatu Islamikoaren azken gotorlekua garbitzeko operazioa hasi da”, azaldu du Mustafa Bali milizia kurduen komandanteak Twitter sare sozialean.
Azken egunetan milaka zibil, horien artean jihadisten senideak diren emakumeak eta haurrak zein Estatu Islamikoak bahitutako pertsonak, Baguzetik atera dituzte.
Kurduen kontrolpean dauden alboko probintziatan kokatutako hiru kanpamentutan hartu dituzte emakume eta ume guztiak. Estatu Islamikoaren ustezko kideak edo jarraitzaileak, ostera, atxiloketa zentroetara bidali dituzte.
Zibil guztiak Baghouzetik atera arte operazio militarra abiatuko ez zela esan zuen Balik ostegunean. Kurduek 24 miliziano askatu zituzten ostegunean, jihadistek duela hilabete bahitu ondoren.
Siriako iparraldean eta ekialdean Estatu Islamikoaren aurkako borroka aurrera eraman dute milizia kurduek. Jihadistek Eufrates ibaiaren ekialdean kontrolpean zituzten azken lurraldeak askatu dituzte kurduek, Al Baghouzen (Deir al Zur) setiatu arte.