Mundua -
Vietnamgo goi-bilera
Akordiorik gabe amaitu da Trumpen eta Kimen arteko goi-bilera
Kim Jong-unek zigor guztiak kentzeko eskatu diola eta baldintza hori betetzea ezinezkoa dela esan du Trumpek. Ipar Koreak, baina, gezurtatu egin du bertsio hori.
agentziak | erredakzioa
Donald Trump AEBko presidenteak amaitutzat eman du Kim Jong-unekin egin duen bigarren goi-bilera, "zigorrak bete-betean kentzeko" eskatu baitio Ipar-Koreako presidenteak. Ildo horretan, agintari biak "denbora luzean" berriro ez biltzea balitekeela esan du Trumpek.
"Zigorrengatik izan da. Bete-betean guk horiek kentzea nahi dute, eta ezin dugu hori egin", esan du Trumpek Hanoin egindako prentsa agerraldian. Agintari bien arteko goi-bilera uste baino arinago amaitu da, akordiorik gabe gainera.
"Guk eskatutako gune asko desnuklearizatzeko prest zeuden, baina ez nahi genituen beste. Hortaz, alde egin behar izan dugu", gaineratu du.
Trumpen arabera, Kim Jong-un Yongbyon ikerketa nuklearrerako zentroa desegiteko prest dagoela esan dio, baina horretarako AEBk Ipar Korearen gain ezarritako zigorrak kendu behar dituela esan dio.
Mike Pompeo AEBko Estatu idazkariaren esanetan, goi-bileran "benetako aurrerapausoak" eman dira; eta, akordiorik lortu ez badute ere, "optimista" agertu da goi-bileraren ostean.
"Desnuklearizazioan lan handiago egiteko eskatu diogu, baina ez dago horretarako prest", esan du Pompeok prentsaurreko berdinean ere.
Bestalde, bi mandatarien arteko agurra "adiskidetsua" izan dela esan du Trumpek. Ildo horretan, negoziazio mahaitik altxatu izan ukatu du, eta Kim Jong-unekin harreman "beroa" duela gaineratu du.
"Baina, zenbaitetan alde egin beharra dago, eta gaurkoa izan da alde egiteko egun horietako bat", esan du.
Bestalde, hirugarren goi-bilera bat egiteko konpromisorik ez dutela hartu azaldu du Trumpek; baina beren gobernu taldeek harremanetan jarraituko dutela gaineratu du.
Ipar Koreak ukatu egin du Trumpek esandakoa
Bestalde, Ri Yong-ho Ipar Koreako Atzerri ministroak gezurtatu egin du Donald Trumpek esandakoa. Nazio Batuen Erakundeak Ipar Koreari ezarritako zigorrak partzialki kentzea eskatu duela onartu du, baina ukatu egin du zigor guztiak aldi berean erretiratzea jarri dutela baldintza gisa.
"Yongbyonen material nuklearra ekoizteko ditugun instalazio guztiak behin betiko desegiteko aukera eskaini diegu, eta prozesu hori bi herrialdeetako adituen ikuskaritzapean egingo genukeela adierazi diegu", azaldu du ministroak.
Horren truke, Nazio Batuen Erakundeak ezarritako hainbat zigor kentzea eskatu du Ipar Koreak, ekonomia pribatuari eta herritarrentzako oinarrizko produktuei lotutakoak, hain zuzen ere.
Halaber, arma nuklearrekin eta helmen handiko misilekin proba gehiago ez egiteko konpromisoa hartzeko prest dagoela ere jakinarazi diote Trumpi, "AEBen kezkak baretzeko asmoz".
Alabaina, Estatu Batuek urrats gehiago eskatu dizkiote Ipar Koreari, eta azkenean, Atzerri ministroak azaldu duenez, Kim Jong-unek akordioa ezinezkotzat jo du.
Rik adierazi du bi aldeen artean konfiantza sortzen jarraitzea beharrezkoa dela, baina ohartarazi du Ipar Koreak ez duela bere jarrera aldatuko, AEBk presio egin arren.