Mundua -

VENEZUELAKO KRISIA

Venezuelako Guardia Nazionalak eragotzi egin du Kolonbiatik kamioiak sartzea

Istiluak izan dira opositoreen eta poliziaren artean, Kolonbia eta Venezuela lotzen dituzten zubietan. AEBk eta Kolonbiak NBEren araudia hautsi dutela salatu du Venezuelak eta ondorioak iragarri ditu.

Istiluak Simon Bolivar zubian. Argazkia: EFE
Istiluak Simon Bolivar zubian
Istiluak Simon Bolivar zubian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelara laguntza humanitarioa daraman kamioi konboiari irteteko agindua eman diote larunbat honetan Ivan Duque Kolonbiako presidenteak, Sebastian Piñera Txilekoak, Mario Abdo Benitez Paraguaikoak, Juan Guaido Venezuelako oposizioko buruak eta Luis Almagro OEAko idazkari nagusiak.

Tienditas zubiaren Kolonbiako aldean bilduta, (atzo kontzertu handia egin zuten opositoreek) harrera eta agurra egin diete Cucutatik irten diren 14 kamioiei, ehunka jarraitzaileren aurrean.

Guaidok ezin du berez Venezuelatik irten, Auzitegi Gorenak hala aginduta, baina atzo sorpresaz agertu zen Tienditasen egin zen kontzertuan. Militarrek lagundu ziotela irteten iradoki zuen. Kamioi horietako batera igo eta jarraitzaileak agurtu ditu operazioa hasi aurretik.

Oposizioak eskatutako giza laguntza zeramaten kamioietako bi kiskali egin dira Francisco de Paula Santander zubian, Venezuela eta Kolonbia lotzen diren lekuan, baina informazioa nahasia da eta ez dago argi nor den erruduna.

Guaidok, sare sozialetan, eskerrak eman ditu laguntza zeramaten bi kamioi kiskali ostean jasotako nazioarteko babesagatik, eta Venezuelako poliziari leporatu dio sua piztea, "gizateriaren aurkako krimena" dela gogoratzearekin batera.

"Nazioartearen babesa jasotzen jarraitzen dugu, bere begiekin ikusi ahal izan baitute erregimen lapurrak nola urratzen duen Ginebrako protokoloa, giza laguntza suntsitzea gizateriaren aurkako krimena dela esaten baitu argi eta garbi", adierazi du Guaidok Twitterren.

Juan Guaido

Honelaxe kontatu du Jon Artano EiTBren Latinoamerikako berriemaileak, lehen kamioia Simon Bolivar zubitik sartu den unea:

Venezuelako ehunka herritar elkartu dira Simon Bolivar zubiaren Kolonbiako aldean, korridore bat osatu eta kamioiak bertatik pasa zitezen:

simon bolivar zubian kamioiai

Simon Bolivar zubian, laguntza humanitarioa daraman kamioa, opositorez lagundurik. Argazkia: EFE

Baina Venezuela igarotzen saiatu direnean, Guardia Nazionalak perdigoiak eta gas negar-eragilea bota dizkie eta opositoreek harriekin erantzun dute. Venezuelako polizia bat lintxatzeko saiakera ere izan da Jon Artano berak hantxe grabatu duen bideo honetan ikusten denez:

Liskar gogorrak Simon Bolivar zubian, opositore eta Guardia Nazionalaren artean
Liskar gogorrak Simon Bolivar zubian, opositore eta Guardia Nazionalaren artean
Liskar gogorrak Simon Bolivar zubian, opositore eta Guardia Nazionalaren artean

1:08

Venezuelako agintariek Tienditas, Simon Bolivar eta Francisco Paula Santander zubietatik igarotzea eragotzi diete Kolonbiatik zetozen kamioiei, eta horretarako gas negar-eragilea erabili behar izan dituzte opositoreen aurka.

Berri agentziek jakitera eman dutenez, 20 pertsona zauritu dira enfrentamenduetan.

Maduro: 'Alde egin Venezuelatik, yankees go home'
Maduro: 'Alde egin Venezuelatik, yankees go home'
Maduro: 'Alde egin Venezuelatik, yankees go home'

0:19

Madurok harremana eten du Kolonbiarekin

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak iragarri du harreman diplomatiko guztiak eten dituela Kolonbiarekin, eta 24 orduko epea eman die herrialde horretako diplomazialariei Venezuelatik alde egiteko.

"Ezin dut Kolonbiako gobernu faxistaren eraso gehiago jaso, horregatik erabaki dut harreman politiko guztiak etetea", adierazi du Madurok Caracasen egindako ekitaldi jendetsuan.

Desertzioak eta desertziorako deia

Goizean goizetik tentsio handia bizi izan da Venezuela eta Kolonbia arteko mugan. Venezuelako Gobernuak Kolonbiako mugan dauden zubi guztiak itxi ditu, aurrez Brasilgo mugan egin bezala.

Venezuela eta Kolonbia arteko muga

Juan Guaidok dei egien dio Venezuelako Armadari, "historiaren alde zuzenean" jar daitezen eta 280 tona laguntza daramaten 14 kamioiei sartzen utz diezaieten. Era berean, laguntzari pasatzen uzteagatik Nicolas Maduroren Gobernuarekin arazoak izango dituzten militar guztiei amnistia agindu die.

Ez dago zenbaki ofizialik, baina iturri batzuen arabera, 23 poliziak desertatu dute.

Bestalde, Brasildik laguntza kamioi bat sartu dela iragarri du Guaidok, eta antza, liskarrik gabe. Dena dela, ordu batzuk geroago, Venezuelako Parlamentuak (oposizioak du gehiengoa) salatu du 4 pertsona hil dituztela Brasilgo mugan.

brasil eta venezuela arteko muga

Laguntza-furgoneta, Brasil eta Venezuela artean. Argazkia: EFE

Milaka venezuelar kalera irten dira Maduroren alde

Bien bitartean, milaka pertsona kalera irten dira Caracasen, Nicolas Maduro eta haren Gobernuari babesa agertzeko eta oposiozioak Gobernuaren baimenik gabe egin nahi duen laguntza-operazioaren kontra.

Nicolas Madurok argi esan du bera kargutik kentzeko "AEBren interbentzioa militar mozorrotua, Troyako zaldia" dela gaurkoa, eta aliatu duen Errusiak ere iritzi bera du. Ostiralean, Errusiako Gobernuak esan zuen AEB, NATOren laguntzarekin, bere indar bereziak eta talde militarrak Venezuelatik gertu kokatzen ari zela eta AEBetako enpresak eta aliatuak "oposizioari armak eta munizioa emateko prestatzen ari zirela".

Herrialdeak krisi egoera bizi duela onartzen du Madurok baina "nazioarteko finantza jazarpenari" egozten dio. Horri aurre egiteko, Errusiak 300 laguntza tona bidaliko zizkiela iragarri zuen asteartean.

AEBek eta Kolonbiak NBEen araudia hautsi dutela salatu du Venezuelak eta ondorioak iragarri ditu

Jorge Arreaza Venezuelako Kanpo Gaietarako ministroak gogor kritikatu du Kolonbiak laguntza humanitarioa indarrez sartu nahi izatea Venezuelara, eta Nazio Batuen Erakundeen aurrean "ondorioak" izango dituela iragarri du, "NBEen Gutunaren printzipio guztiak urratzen baititu".

"Mugan antolatu duten propaganda showarekin, AEB eta Kolonbiako gobernuek NBEen Gutunaren irizpidea ia guztiak urratu dituzte. Nazioarteko komunitatea begira dago, eta behar diren erabakiak hartuko dira" iragarri Twitter bidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Kolonbia Nicolás Maduro