Mundua -

VENEZUELA

Venezuelak Europako Alderdi Popularreko hainbat europarlamentari kanporatu ditu

Asanblea Nazionalak gonbidatuta joan dira eta Juan Guaido oposizioko buruarekin elkartzeko asmoa zuten. Kanporatutako ordezkaritzaren 'planifikatutako ikuskizuna' salatu du Venezuelako Gobernuak.

Europako Alderdi Popularreko (EPP) parlamentariak, Gonzalez Pons espainiarra buru dela. @jguaido
Europako Alderdi Popularreko (EPP) parlamentariak, Gonzalez Pons espainiarra buru dela
Venezuelak Europako Alderdi Pupularreko parlamentari talde bat kanporatu du

0:51

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelan, Nicolas Maduroren Gobernuak Europako Alderdi Popularreko (EPP) hainbat europarlamentari kanporatu ditu azken orduotan, Simon Bolivar nazioarteko aireportuan lur hartu eta minutu gutxira.

"Une honetan Venezuelatik kanporatuak izaten ari gara. Pasaporteak atxiki dizkigute. Ez digute kanporatzearen arrazoirik jakinarazi eta ez daukagu hori justifikatzen duen dokumenturik ere", adierazi du Esteban Gonzalez Pons eurodiputatu espainiarrak Twitteren argitaratutako bideo batean.

Gonzalez Pons espainiarraz gain, hauek osatu dute ordezkaritza: Esther de Lange eta Paulo Rangel EPPko presidenteordeak, Jose Ignacio Salafranca Atzerri Gaietarako batzordeko koordinatzaile orde eta Latinoamerikari buruzko Europarlamentarien Asanbleako kideak, Gabriel Mato Erdialdeko Amerikako ordezkaritzako presidenteordeak eta Juan Salafranca EPPko talde parlamentarioko idazkari nagusi ordeak.

Esteban Gonzalez Ponsek azpimarratu duenez, Asanblea Nazionalaren gonbidapena zuten eta Juan Guaido oposizioko buruarekin elkartzeko asmoa zuten.

Ponsen hitzetan, Maduroren erregimena "diktadura" bihurtu denaren azken froga da. "Herrialde batek barruan gertatzen dena ez ikusteko leihoak eta ateak ixten dituenean, hitzetatik ekintzetara pasatzear dago", gaineratu du.

Kanporatutako ordezkaritzaren "planifikatutako ikuskizuna" salatu du Venezuelako Gobernuak

Venezuelatik kanporatu duten Europako Alderdi Popularreko (EPP) ordezkaritzaren "planifikatutako ikuskizuna" salatu du Jorge Arreaza Venezuelako Atzerri ministroak.

"EPPko europarlamentarien planifikatutako ikuskizun horretan, Gonzalez Pons jauna, beti bezala, FRANCOegia izan da. #TrumpManosFueraDeVenezuela", adierazi du Arreazak Twitter kontuan.

Arreazak azpimarratu duenez, Venezuelako agintariek "duela egun batzuk" eta "iturri diplomatikoen bitartez" ohartarazi zien eurodiputatuei ez zirela herrialdean onartuak izango. "Helburu konspiratzaileekin bisitatu asmo zuten herrialdea (...). Atzera egiteko eskatu zitzaien probokazioa saihesteko", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Venezuela bideoak Latinoamerika Nicolás Maduro gaur Guaidó azken ordukoa