Mundua -
"Le Figaro" egunkarian
Gadafi: 'Indarra erabilita egun bakar batean Libia kontrolpean genuke'
Errebeldeen arabera Misratako borroketan Gadafiren aldeko 80 kide hil dira. Libiako aire espazioa ixtea eskatu diote Frantziak eta Australiak NBEri.
Erredakzioa
Errebeldeen iturriek diotenez Misratako borroketan Gadafiren aldeko 80 kide hil dira. Nazio Batuei Libiako aire espazioa ixtea eskatu diote Frantziak eta Australiak.
Indarra erabiliko balute egun bakar batean Libia oso kontrolpean izango luketela adierazi du Muamar El Gadafik Frantziako "Le Figaro" egunkarian, baina azaldu duenez "hiriak inguratuz edo bitartekariak bidaliz armak dituzten taldeak apurka apurka desegitea da gure helburua".
"Libiaren kontrako konplota" dagoela uste du Gadafik eta libiarrei konplot hori zapaldu behar dutela esan die.
80 hildako Gadafiren tropetan
Misratako borroketan, herrialdeko hirugarren hirian, Gadafiren aldeko tropetako 80 gizon hil direla adierazi dute errebeldeek. Misrata lurraldearen mendebaldean errebeldeen esku geratzen den azken hiria da.
Al Yazira telebista kateak borroka horien irudiak eman ditu. Matxinatuak kalashnikov fusilak eskuan hartuta Gadafiren soldaduei eraso nola egiten dieten ikusten da.
Libiako telebistak dioenez, Gadafik Tripolitik 150 kilometrora dagoen Misrata herria errekuperatzeko "borroka erabakiorra" planeatu du gaurko.
Aire espazioa ixteko eskaera
Australiak Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluari Libiako aire espazioa ixteko eskatu dio Muamar el Gadafiren tropek zibilen kontrako bonbardaketa gehiago egin ez ditzaten.
Segurtasun Kontseiluko kideei, Darfur, Ruanda edota Balkanetako istiluen aurrean erakutsitako jarrera ez errepikatzeko eskatu dio Kevin Rudd Australiako Kanpo harremanetarako ministroak Segurtasun Kontseiluari.
Frantzia eta Erresuma Batua ere Nazio Batuen Erakundeak Libiako aire eremua ixtearen aldekoak dira.
Alemania, Errusia eta Txina ez daude neurri horrek izan ditzaken emaitzekin oso ziur. NBEk gaur arratsaldean bozkatuko dute horren inguruan.