Mundua -
Brasil
Lulari 12 urteko espetxe-zigorra ezarri diote beste ustelkeria kasu batengatik
Auzi berrian, Odebrecht, OAS eta Schain enpresek Atibaiako landetxe batean egindako lanekin (271.000 dolar) Lulak etekina atera zuela ebatzi du Gabriela Hardt epaile federalak.
Agentziak | Erredakzioa
Brasilgo Justiziak 12 urte eta 11 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri dio Luiz Inacio Lula da Silva presidente ohiari asteazken honetan, bigarren auzi batean, ustelkeria eta dirua zuritzea egotzita, iturri judizialek jakitera eman dutenez.
Lula Brasilgo presidente izan zen 2003tik 2010era bitartean. Iragan apiriletik zigorra betetzen ari da beste ustelkeria kasu batengatik. Eroskeriaren truke Sao Pauloko hondartza batean etxebizitza bat jaso zuela frogatutzat jo zuen Justiziak.
Auzi berrian, Odebrecht, OAS eta Schain enpresek Atibaiako (Sao Pauloko barnealdean dagoen udalerria) landetxe batean egindako lanekin (271.000 dolar) Lulak etekina atera zuela ebatzi du Gabriela Hardt epaile federalak.
Etxea Fernando Bittar enpresaburuaren izenean zegoen. Lularen familiako laguna da Bittar. Enpresaburuak presidente ohiari landetxea aldi baterako laga zion 2010ean, bere familiarekin goza zezan.
Hala ere, Justiziaren arabera, nahiz eta landetxearen jabea ez izan, Lulak erreformekin legez kanpoko etekina erdietsi zuen. Trukean enpresei mesede egin zien Gobernuak, Petrobras Estatuko petrolio konpainiaren kontratuekin iruzurra eginda.
73 urteko Lularen aurkako bigarren epaia izan da bi urte eskasetan. Apirilaren 7tik Curitiba hiriko (Brasileko hegoaldea) Polizia Federalaren egoitzan dago Lula, Sergio Moro magistratu ohiaren aginduz.