Mundua -
FRANTZIA
Gutxienez hamar pertsona hil eta beste 30 zauritu dira Parisen, sute batean
Sutea Pariseko 16. distrituan piztu da, zortzi solairuko etxebizitza eraikin batean. Sua nahita eragindakoa izan ote den ikertzen ari dira. Halaber, suaterekin lotuta, emakume bat atxilotu dute.
AGENTZIAK
Gutxienez hamar pertsona hil eta beste 30 zauritu dira Parisen, goizaldean etxebizitza eraikin batean piztutako sutean.
Sua goizaldeko 01:00ak aldera piztu da, Paris mendebaldeko 16. distrituan, zortzi solairuko etxebizitza eraikin batean.
Zauritutakoen artean 27, tartean bi suhiltzaile, arin zauritu dira. Horrez gain, beste pertsona bat larri dago.
Remy Heitz Pariseko fiskalak baieztatu duenez, sua nahita eragindakoa izan ote den ikertzen ari dira.
Ikerketaren baitan eta sutearekin zerikusia izan dezakeelakoan, emakume bat atxilotu dute. Etxebizitza eraikineko bizilaguna da.
Suhiltzaileek goizeko seiak aldera lortu dute garrak itzaltzea, bost orduz lanean aritu ondoren. Gainera, su hartutako eraikina eta alboko beste batzuk jendez hustu dituzte.
Sutea izan den tokira 200 suhiltzaile inguru gerturatu dira, sua itzaltzeko eta zaurituak artatzeko.
Anne Hidalgo Pariseko alkateak dolua agertu du sutean hildakoengatik.