Mundua -

VENEZUELA

Nicolas Madurok uko egin dio hauteskunde presidentzialak deitzeari

Venezuelako presidenteak errefusatu egin du hauteskundeak deitzeko Europako hainbat herrialdek egindako eskaria.

Nicolas Maduro. Artxiboko argazkia: EFE
Nicolas Maduro
Nicolas Maduro. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak errefusatu egin du hauteskunde presidentzialak deitzeko Europako hainbat herrialdek eman zioten ultimatuma (gauerdian amaitu da epea). Halaber, oposizioa eta bere burua presidentetzat jo duen Juan Guaido buruzagia kritikatu ditu.

"Ez dugu inoren ultimatumik onartzen. Nazioarteko politika ezin da ultimatumetan oinarritu. Zergatik eman behar dizkio EBk aginduak beste herrialde bati?", esan du Madurok La Sexta telebista kateko "Salvados" programari eskainitako elkarrizketan.

Oposizioari dagokionez, Madurok Guaido kritikatu du. "Venezuelako presidente bakarra dago. Dekretu ekonomiko bat ateratzen badut, edo Armada, bete egingo da", azpimarratu du.

"Pertsona hori ez dago inolako artikuluk edo legek ahaldunduta. Tontakeria da plaza batean nork bere burua presidentetzat hartzea. Ez dauka oinarri konstituzionalik, legalik, formalik…", arrazoitu du Madurok. "Zatiketa sortzea eta Gobernu txotxongilo bat ezarriko duen interbentzioa egotea bilatzen dute. Gobernu paralelo bat dagoen inpresioa eman nahian ari dira nazioarteko hedabideetan, baina errealitatean ez dago", gehitu du.

Gerra zibilaren aukeraz galdetuta, Iparraldeko inperioaren esku dagoela hori erantzun du. "Iparraldeko inperioaren eta haren aliatuen erokeria eta agresibitate mailaren menpe dago. XX. mendera itzuli nahi dute, gure baliabide naturalak espoliatu. Hori ezin da izan", esan du.

Bestalde, oposizioarekin hitz egiteko aukerari buruz ere galdetu diote. Horren aurrean, oposizioari zein AEBko Gobernuari "mila proposamen pribatu eta publiko" egin dizkiela ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Venezuela Latinoamerika albisteak Nicolás Maduro gaur Hauteskundeak gaur Guaidó azken ordukoa