Mundua -
HONDAMENDIA
Brasilgo Fiskaltzak ardura bere gain hartzeko eskatu dio hautsitako presaren jabeari
121 pertsona hil dira eta 226 daude desagertuta ezbeharra izan zenetik. Brumadinhoko presaren haustura Brasilen inoiz izan den meatze-istripu larriena izan daiteke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Brasilgo Vale meatze konpainiak kudeatzen zuen presa bat hautsi eta 121 pertsona hil ostean, gogor hitz egin du gaur herrialdeko fiskal nagusiak: "enpresak funtzionatzeko modua aldatu beharko du, agintariekin gehiago kooperatu, eta bere ardurak onartu". Halaxe eskatu die Andre Mendonça fiskal nagusiak enpresako jabeei. "Hasteko eta behin, funtzionamendu aldaketa bat behar da. Kostatu zaie erantzukizuna onartzea, baina edozelan ere benetako kooperazioa behar dugu, hitzetan geratu barik".
"Valek bere ardura onartu behar du, eta erantzun azkarrak espero ditugu" gaineratu du fiskalak.
Larunbat honetan emandako azken datuen arabera, 121 pertsona hil dira eta 226 daude desageruta ezbeharra izan zenetik. Brumadinhoko presaren haustura Brasilen inoiz izan den meatze-istripu larriena izan daiteke.
Gertakizuna erronka handia izan da Jair Bolsonaro presidentearen Gobernu berriarentzat. Bere administrazioa enpresarien oso laguna da, eta meatze enpresei ezartzen zaizkien kontrol neurriak arintzeko asmoa zuela iragarri berri zuen istripua gertatu zenean. Herritarrak zein iritzi publikoa oso haserre daude.
Vale enpresak ohar bat kaleratu du agintariekin lanean ari dela esanez, eta "biktimen senideei eta herritarrei babes osoa" ematen ari dela gaineratuz.
Enpresa horretako inor atxilotuko ote duten galderari, "ez dugu hipotesirik baztertzen" erantzun dio Mendonça fiskalak.