Mundua -
poloetako hotza
AEBko erdi-mendebaldean hotzaldi polarrerako prestatzen hasi da
40 gradu zero azpitik espero dituzte gaur eta bihar. Agintariek larrialdi-egoera ezarri dute hainbat estatutan.
Agentziak | Erredakzioa
AEBko erdi-mendebaldea hotzaldi polarrerako prestatzen hasi da asteazken honetan, 40 gradu zero azpitik espero baitituzte gaur eta bihar. Hori dela eta, agintariek larrialdi-egoera ezarri dute hainbat estatutan eta hamaika hegaldi bertan behera gelditu dira.
J.B. Pritzker Illinoiseko Gobernadoreak hondamendi egoera aurreikusi du, hotzak "osasunerako mehatxu larria" ekarriko baitu.
"Tenperatura historikoak jasango ditugu", esan du Gobernadoreak. Hortaz, herritarrei babesteko eskatu die.
Eguraldi iragarpenen arabera, datozen 48 orduetan baliteke tenperaturek 32 gradu jaistea; Illinoisen, esaterako, sentsazio termikoa 48 gradu zero azpikoa izango da.
Chris Miller Meteorologia Zerbitzu Nazionaleko adituaren esanetan, tenperatura horiek pertsona bat izoztu dezakete hamar minututan. Illinoisen ez ezik, Indianako ipar-mendebaldean eta Wisconsineko hegoaldean ere nabarituko da hotzaldi pollarra.
Chicagon, esaterako, agintariek bertan behera utzi dituzte eskolak; baita, inguruko distrituetako beste hiri batzuetan ere.
O'Hare eta Midway aireportu internazionaletan 1.400 hegaldi bertan behera gelditu dira, eta baliteke kopuru hori handitzea baldintza klimatikoak okerragotu ahala.
Halaber, jarduera ekonomiko eta enpresarial eskasa espero dute gaur hotzak bete-betean joko dituen estatuetan, enpresa askok langileei etxean gelditzeko eta kalera ez ateratzeko gomendatu baitiete.