Mundua -
Komunen Ganbera
Erresuma Batuko Parlamentuak akordiorik gabeko 'brexit' bat errefusatu du
Gainera, Ipar Irlandan muga saihesteko, salbaguardia mekanismo polemikoari beste konponbide bat emateko EBrekin negoziatzea eskatu dio Komunen Ganberak Gobernuari.
Agentziak | Erredakzioa
Erresuma Batuak Europar Batasuna (EB) martxoaren 29an akordiorik gabe uztea errefusatzeko zuzenketa bat onartu du gaur bertako Parlamentuak.
Caroline Spelman kontserbadoreak aurkeztutako zuzenketa ez da legez loteslea, baina Gobernuaren gainean presio handiagoa jartzen du, Bruselarekin irteera itun bat adostu ezean.
Alderdi ezberdinetako 318 diputatuk zuzenketa babestu dute, eta 310 aurka azaldu dira.
Akordiorik gabeko haustura baten aukera baztertzerik ez dagoela errepikatu du Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak, eta agertoki hori saihesteko aukera bakarra Komunen Ganberako gehiengoak babestutako akordio bat lortzea litzatekeela erantsi du.
“Horregatik, agindu ahalik eta argienarekin itzuli nahi dut Bruselara, eta Parlamentu honek babes dezakeen itun bat lortu”, adierazi du Mayk eztabaidan, arratsaldean.
Mayk EBrekin azaroan adostutako 'brexit'a arbuiatu zuten diputatuek urtarrilaren 15ean, konkretuki, 230 botoko alde zabalarekin.
Euroeszeptiko kontserbadoreak eta Ipar Irlandako Alderdi Demokratiko Unionista (DUP) testuaren kontra agertu ziren, bi Irlanden arteko muga saihesteko klausulak Erresuma Batua urteetan EBren barruan utz dezakeela uste dutelako.
Zentzu horretan, 'brexit'aren ostean Ipar Irlandan muga saihesteko, salbaguardia mekanismo polemikoari beste konponbide bat emateko EBrekin negoziatzea eskatu dio Parlamentuak Gobernuari beste zuzenketa batean.
'Backstop' mekanismoan aldaketak sartzen baldin badira Parlamentuaren “gehiengoak” bere akordioa babestuko duela uste du Mayk. Komunen oniritzia lortzeko emaitza berriak lortzea espero du lehen ministroak.
Saio berdinean, beste bi zuzenketa atzera bota dituzte diputatuek. Otsailaren 26rako Parlamentuak itun bat berrestea lortzen ez baldin badu, EB uzteko epea luzatzea eskatu diote gobernuburuari bi ekimenetan.
Ipar Irlandako bake akordioak “birrintzea” egotzi dio Eskoziako Alderdi Nazionalistak (SNP) Mayri, gobernuburuak uhartean muga bat saihesteko mekanismoa Europar Batasunarekin berriz negoziatzea onartu ondoren.
DUPek, ostera, beste irtenbide batek bake prozesua arriskuan jarriko ez duela uste du.
Londresen eta Bruselaren artean adostutako 'brexit' akordioa “irteera ordenatu bat ziurtatzeko modu bakarra eta onena” dela errepikatu du Europako Kontseiluak.
“Irlandako salbaguardia mekanismoa irteera akordioaren parte da, eta irteera akordioa ez da berriz negoziatuko”, azaldu du Donald Tusk Kontseiluko presidentearen bozeramaile batek agiri batean.
Hala ere, Bruselak Erresuma Batuaren Parlamentua “entzutea” eta 'backstop' polemikoa atzera botatzea espero du Boris Johnson Erresuma Batuko Atzerri ministro ohiak.