Mundua -

Palestina

Palestinako Gobernuko kide guztiek dimisioa eman dute

Al-Fatahk gehiengoa izango duen gobernu berri bat eratzea da mugimendu politiko honen helburua.

Mahmud Abbas eta Rami Hamdallah. Artxiboko argazkia: EFE
Mahmud Abbas eta Rami Hamdallah.
Mahmud Abbas eta Rami Hamdallah. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Palestinar Aginte Nazionaleko kide guztiek dimisioa eman dute astearte honetan, Mahmud Abbas presidenteak gobernu berri bat eratu dezan.

Palestinako erakundeen arteko adiskidetze prozesua hautsita, Al-Fatahk gehiengoa izango duen gobernua osatzea da helburua.

Rami Hamdallah lehen ministroak ohar bidez jakinarazi du Gobernuak oso-osorik dimisioa aurkeztu duela. Hala ere, jarduneko lehen ministro izaten jarraituko du, Abbasek gobernu berria osatu arte.

Egitasmo garrantzitsuak aurrera eramateko gai izan direla azpimarratu du, testuingurua "konplexua" izan den arren. Ildo horretan,  "talde palestinarren arteko zatiketa politikoa, Israelek Gazako Zerrendaren kontra abiatutako gerrak eta Zisjordanian ezarritako legez kanpoko neurriak eta krisi ekonomikoa" aipatu ditu.

Al-Fatah alderdiaren zuzendaritzak joan den igandean esan zuen aukerarik onena ministroek dimisioa ematea eta ondoren Palestina Askatzeko Erakundeak gehiengoa izango zuen beste gobernu bat eratzea zela.

Hamdallahk 2013ko uztailean osatu zuen lehen Gobernua. Exekutibo hartan Al-Fatahko ordezkariak eta teknokrata independenteak izan ziren. 2014ko ekainean "adostasun nazionaleko Gobernua" eratu zuen, Palestinako beste talde batzuetako ordezkariak sartuta, tartean Hamas, azken horrek ministrorik izan bazuen ere.

Mugimendu horren helburua Palestinako erakundeak adiskidetzea izan zen, batez ere Al-Fatah eta Hamas. Urtebete geroago, Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak irabazi zituen hauteskundeak eta horrek palestinarren arteko zatiketa areagotu egin zuen.

2017an, alde guztiek akordioa egin zuten batasuneko Gobernua osatzeko, hauteskunde orokorrak deitzeko eta Gazako Zerrendaren eta Egiptoko mugaren arteko igarobidearen kontrola Palestinako Agintaritzaren esku uzteko. Baina ituna baliorik gabe geratu zen iaz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Palestina