Mundua -

'Brexit'a

Mayk 'brexit'aren akordioa berriz negoziatzea eskatuko du, EBren abisuak gorabehera

"Oso garbi daukagu, ez dugu akordioa berriz negoziatuko", ohartarazi dute Europar Batasuneko iturriek lehen ministro britainiarrak egindako proposamenaren harira.

Theresa May. Argazkia: EFE
Mayk 'brexit'aren akordioa berriz negoziatzea eskatuko du
Theresa May. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Theresa May lehen ministro britainiarrak aurreratu duenez, Europar Batasunetik irteteko akordioaren harira eta Komunen Ganberan "baiezkoa" lortzeko helburuarekin, brexitaren hitzarmena berriz negoziatzea proposatuko dio Bruselari, nahiz eta jakin badakien EBk ez duela horretarako inolako asmorik.

Mayk onartu egin du Irlandako mugarako aztertzen ari diren larrialdi planak (backstop) eragindako mesfidantza. Horregatik, irtenbide gisa, negoziazioei berriz ekitea planteatu du. Bruselak, aitzitik, argi dauka ez duela, oraingoz, negoziatzeko intentziorik.

Komunen Ganberan egingo duten bozketarako ordu gutxi falta dira, eta Gobernuak geroz eta aukera gehiago ditu prozesuaren gaineko kontrola galtzeko. Halere, Graham Brady kontserbadoreak aurkeztutako zuzenketak itxaropena eman dio Gobernuari, backstop delakoaren beharrean, "akordio alternatiboak" hitzartzea proposatu baitu, Ipar Irlanda eta Irlandaren arteko "muga sendoa" saiheste aldera.

"Bradyren zuzenketa bozkatzeak argi uzten du zein den Ganberak akordioa errefusatzeko duen arrazoi nagusia", azaldu du Mayren bozeramaile batek kazetarien aurrean egindako agerraldian, Reuters albiste agentziak aditzera eman duenez.

Bien bitartean, lehen ministroak bere Gobernuari jakinarazi dio akordioa berriz negoziatzeko eskatuko diola EBri, test horretan zenbait aldaketa egitea beharrezkotzat jotzen duelako. BBC telebista publikoaren arabera, Mayk gaur bertan hitz egingo du Europako agintariekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Brusela Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Brexita Theresa May