Mundua -
Gerra Afganistanen
AEBk eta talibanek bakerako aurre-akordioa egin dute Afganistanen
Oraindik hainbat xehetasun adostu behar dituzte bi aldeek. Itunak 17 urteko gerrari amaiera emango lioke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ameriketako Estatu Batuek eta talibanek Afganistanen bakea ezartzeko aurre-akordioa egin dute. The New York Times egunkariaren arabera, tropa estatubatuarrak erretiratzea eta Kabulgo Gobernuarekin elkarrizketak abiarazteko su-etena adostu dituzte, besteak beste.
"Zirriborroa adostu dugu, baina lanean jarraitu behar dugu ituna izan dadin", adierazi du Zalmai Khalilzad Estatu Batuek Afganistanen duten ordezkariak.
"Talibanek konpromisoa haratu dute beharrezkoa den guztia egiteko herrialde hori talde terroristen plataforma izan ez dadin", azaldu du The New York Times egunkarian.
Akordioa gauzatuko denaren konfiantza agertu du, baina zehaztu du "xehetasunak" adostu behar dituztela orain.
Talibanen ordezkaritza politikoarekin sei egunez aritu dira elkarrizketetan, Dohan. Bilerak larunbatean amaitu zituzten. Khalilzad egun horretan joan zen Kabulera eta Ashraf Ghani Afganistango presidentearekin bildu zen, negoziazioan eman ziren urratsak azaltzeko.
Azken hilabeteetan, hainbat bilera egin dituzte bi aldeek Arabiar Emirerri Batuetan eta Qatarren. Halaber, talibanak Irango ordezkariekin batzartu ziren abendu bukaeran Teheranen.
Garai horretan, hain justu ere, iragarri zuen Donald Trumpek tropa estatubatuarrak Afganistandik erretiratzen hasteko asmoa zuela.
AEBk 14.000 soldadu dituzte herrialde horretan. Hauteskunde-kanpainan agindu zuen Trumpek, presidente izendatuz gero, Afganistandik tropak erretiratuko zituela.
Afganistango gerra duela ia 17 urte hasi zen. AEBko Kongresuak emandako datuen arabera, Gobernu afganiarrak lurraldearen % 55 kontrolatzen du; talibanek, berriz, % 11. Gainerakoan, borrokan ari dira.