Mundua -
VENEZUELA
Elkarrizketarako deia egin dio berriro Venezuelako Gobernuak oposizioari
Juan Guaidok, ostera, manifestazioak deitu ditu larunbaterako, Europar Batasuneko herrialde batzuek Nicolas Madurori emandako ultimatumaren amaierarekin bat eginez.
AGENTZIAK
Elkarrizketarako eskaintza egin dio berriro Jorge Arreaza Venezuelako Atzerri Gaietarako ministroak oposizioari, Venezuelako Gobernuaren izenean. Krisiak eztanda egin aurretik, abenduan bi aldeen artean harremanak izan zirela zehaztu du, baina Ameriketako Estatu Batuak eta eskuin muturra egin ditu elkarrizketa horiek porrot egin izanaren erantzule.
"Ona da munduak jakitea etengabeko harremana daukagula Venezuelako oposizioarekin, eta abenduan akordio bat lortzear egon ginela", azpimarratu du Arreazak. "Azkenean, AEBrekin eta Venezuelako eskuin muturrarekin hitz egin ostean, oposizioak akordioa baztertu zuen", adierazi du Russia Today Errusiako telebista kate publikoari eskainitako elkarrizketan.
Ministroak azpimarratu duenez, Gobernuak hitz egiteko asmoari eusten dio herrialdean bakea lortzeko, baina AEBren presioak Juan Guaido Konstituzioaren kontrako ekintzak egitera eraman duela salatu du.
Gobernuko iturrien esanetan, Nicolas Madurok elkarrizketarako 400 dei baino gehiago egin ditu bere agintaldiaren hasieratik.
Guaidok manifestazioak deitu ditu larunbaterako
Bere burua Venezuelako presidente aldarrikatu duen politikari venezuelarrak, Juan Guaidok, manifestazioak deitu ditu asteazkenerako eta larunbaterako. Hain zuzen ere, larunbatean amaituko da Europar Batasuneko herrialde batzuek (Espainia, Frantzia eta Alemania, tartean) Nicolas Madurori hauteskundeak deitzeko egindako ultimatuma.
Asteazkeneko manifestazioa 12:00etatik 14:00etara izango da, Juan Guaidok sare sozialen bitartez zuzenean eskainitako agerraldi batean azaldu duenez, eta mobilizazio baketsua izatea nahi duela nabarmendu du.
Manifestazioa egiten ari diren bitartean beren jarduna eteteko eskatu die Guaidok venezuelarrei. Bi helburu nagusi izango dituzte manifestazio horiekin: "Indar Armatuei Amnistia Legearen mezua ematea" eta "botiken eta janarien sarbidea ahalbidetzeko eskatzea".
Horrez gain, manifestariei tirorik ez egiteko eskatu die Guaidok militarrei Caracasko auzo batean izandako elizkizunean.