Mundua -

KRISIA VENEZUELAN

Nicolas Madurok ezetz erantzun dio 'Europako eliteen' ultimatumari

Europar Batasunak 8 eguneko epea eman dio hauteskundeak deitzeko. Muzin egin, eta Venezuelaren historiako maniobra militarrik handienak iragarri ditu Madurok.

Nicolas Maduro gaur, bere telebista saioan. Argazkia: EFE
Nicolas Maduro gaur, bere telebista saioan.
Maduro: 'Donald Trumpen ipurdi atzean dago Pedro Sanchez'

0:54

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak ezezkoa eman dio atzo Europar Batasunak egindako eskari edo ohartarazpenari: zortzi egunetan hauteskundeak deitu ezean, Juan Guaido, oposizioaren esku dagoen Asanblea Nazionalaren burua, presidente onartuko duela.

"Harrokeriaz jokatu dute. Inork ezin digu ultimatum bat eman. Norbaitek Venezuelatik joan nahi badu, joan dadila" esan du CNN katearen Turkiako telebista bati emandako elkarrizketan. "Venezuela ez dago Europari lotuta. Hori harrokeria da. Europako eliteek ez dute Europako herrien iritzia islatzen, gainera" erantsi du Venezuelako presidenteak.

Asteazkenean bere burua Venezuelako presidente izendatu zuen Guaidok. Aldarrikapen hori "lege guztiak eta Konstituzioa urratzen dituen ekintza" dela esan du Madurok, eta Venezuelako Justiziaren esku dagoela horren inguruko edozein neurri hartzea.

"Ez naiz epaimahaia, ez dagokit niri gure herria eta gure Konstituzioa babesteko zer neurri hartu behar den erabakitzea. Egoera hau legearen bidez konponduko da, botere judizialaren bidez" argudiatu du.

Guaidok bere burua presidente izendatu eta Trumpek onartu ostean, diplomatiko estatubatuar guztiak botako zituela iragarri zuen Maduro presidenteak eta "talde txiki bat jada joan dela " jakinarazi du. "AEBkin harreman diplomatiko gehienak amaituta daudela" argitu du.

Venezuelaren historiako maniobra militarrik handienak iragarri ditu Madurok

Adierazpen horien egin eta handik ordu batzuetara, Carababo estatuko kuartel batetik iragarpen garrantzitsua egin du Nicolas Madurok: otsailaren 10etik 15era "Venezuelaren historiako maniobra garrantzitsuenak" egingo dituztela, Armadaren "botere militarra" erakusteko.

"Venezuelaren historiako ariketa militarrik garrantzitsuenak prestatzen ari gara (...) gure herrian inoiz egin diren garrantzitsuenak dira, gure indar militar guztia erakutsi behar dugu eta" esan du.

Armadari "batasuna" eskatu dio Juan Guidoren "Estatu kolpea" deuseztatzeko.

Guaido, "lana bukatzeko" prest

Bere burua presidentetzat hartu duen Juan Guaido prest agertu da "lana bukatzeko", Nicolas Maduro boteretik botatzeko eta bere postua modu baketsuan hartzeko, The Guardian kazetari emandako elkarrizketa batean.

"Frustrazioa itxaropena bihurtu da. Jendea berriz amets egitera ausartzen ari da. Amesgaizto batetik esnatu gara, amets berriak izateko, etorkizunarekin, gure herrialdearekin amesteko, ez ginenarekin, baizik eta izan gaitezkeenarekin", esan du Guaidok.

Oposizioko liderrak esan duenez, nazioarteko laguntzari, oposizioaren batasunari eta oinarrien lanari esker, Venezuelak "kasoa atzean uzteko" aukera paregabea dauka.

"Indarkeriari erantzun garrantzitsua" emango diola ohartarazi du AEBk

John Bolton AEBko segurtasun nazionaleko aholkulariak ohartarazi du "erantzun garrantzitsua" emango duela Venezuelako oposizioaren edo Estatu Batuetako diplomazialarien aurkako "indarkeria edo larderia" sumatzen badu.

"AEBko diplomazialarien, Juan Guiado (sic) Venezuelako lider demokratikoaren edo Parlamentuaren aurkako edozein indarkeria eta larderia kasu legezkotasunaren aurkako erasoa litzateke, eta (Estatu Batuen) erantzun garrantzitsu bat izango luke", esan du Twitteren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Nicolás Maduro