Mundua -

VENEZUELA

Madurorekin 'elkarrizketa faltsurik' ez duela onartuko esan du Guaidok

Madurori 'bizkarra emango dioten funtzionarioekin' hitz egiteko prest dagoela berretsi du oposizioburuak.

Juan Guaidó, Caracasen egin berri duen ekitaldi batean. Argazkia: EFE.
Juan Guaido, Venezuela.
Juan Guaidó, Caracasen egin berri duen ekitaldi batean. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Guaido Venezuelako Parlamentuko presidenteak eta asteon bere burua presidente izendatu duen oposizioburuak berretsi du "benetako hauteskundeak deitzea" dela herrialdeak bizi duen egoerari konponbidea emateko bide bakarra. Nicolas Maduro Venezuelako presidentearekin "elkarrizketa faltsurik" ez duela onartuko esan du.

"Ez dugu elkarrizketa faltsurik ametituko, eta are gutxiago, ez ditugu ontzat emango berme guztiak betetzen ez dituzten hauteskundeak", adierazi du Guaidok, Caracasen bart bere jarraitzaileekin egin duen batzarrean.

Espainia, Frantzia, Alemania, Holanda, Portugal eta Erresuma Batuko gobernuek zortzi eguneko epea eman zioten atzo Madurori hauteskundeak deitzeko, eta hori egin ezean, Juan Guaido herrialdeko presidentetzat hartuko dutela ohartarazi zioten.

Berehala etorri zen Jorge Arreaza Venezuelako Atzerri ministroaren erantzuna Europako herrialdeei: "Europak zortzi eguneko epea eman digu zertarako? Nondik atera dute guri ultimatumak emateko ahalmena?".

Bestalde, Mike Pompeok, AEBko Estatu idazkariak, "Venezuelako herriaren xede demokratikoei laguntzeko" eskatu zien "nazio guztiei, Maduro legez kontrako presidente ohi mafiosoarengandik askatzen saiatzen diren bitartean".

"Espero dugu nazio guztiek Juan Guaido bitarteko presidentea gurekin batera onartzea. Nazio horiek beren finantza sistemak Maduroren erregimenetik banatzea ere espero dugu, eta Venezuelako herriarenak diren aktiboak Estatu horretako agintari legitimoentzat izatea ahalbidetzea", esan zuen Pompeok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Nicolás Maduro Juan Guaidó