Mundua -

Venezuela

Hauteskundeak deitzea baztertu du Venezuelak, zatitutako Segurtasun Kontseiluan

Zortzi eguneko epea eman dio EBk Madurori bozketak deitzeko, eta Estatu Batuek zuzendutako talde batek Guaido onartu du dagoeneko. Mexikok eta Uruguaik elkarrizketa eskatu dute.

Jorge Arreaza, NBEren Segurtasun Kontseiluan. Irudia: Reuters.
Jorge Arreaza, NBEren Segurtasun Kontseiluan.
Jorge Arreaza, NBEren Segurtasun Kontseiluan. Irudia: Reuters.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelak hauteskundeak deitzea errefusatu du Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan. Europar Batasunak hauteskundeak egitea eskatu dio, eta gaiak zatituta utzi ditu NBEko herrialdeak. AEBk Nicolas Maduro presidentearen kontrako bloke bat zuzentzen du, eta Errusia eta Txina dauden beste aldea Maduroren aldekoa da.

Espainia, Frantzia, Alemania, Holanda, Portugal eta Erresuma Batuko gobernuek zortzi eguneko epea eman diote Madurori hauteskundeak deitzeko, eta ez badu hori egiten, Juan Guaido herrialdeko presidentetzat hartuko duela ohartarazi diote. Guaidok berak kargu hori hartu zuen bere gain asteazkenean.

Segurtasun Kontseiluan, Venezuelako Atzerri ministro Jorge Arreazak oso argi erantzun die Europako herrialdeei: "Europak zortzi eguneko epea eman digu zertarako? Nondik atera dute guri ultimatumak emateko ahalmena?".

Espainiar estatuan edo Erresuma Batuan zergatik ez dituzten hauteskundeak deitzen galdetu ostean, Arreazak gogor kritikatu du AEB, Venezuelaren "estatu kolpearen abangoardian" egoteagatik.

"Estatu Batuak ez daude estatu kolpearen atzetik, baizik eta abangoardian, aginduak ematen ditu, ez bakarrik Venezuelako oposizioari, baita estatu sateliteei ere", esan du Arreazak. AEBen Venezuelaren gaineko politika "esku-hartze eta injerentzia zatartzat" hartu du.

Maduroren Venezuela isolatzea eskatu du AEBk

Mike Pompeok, AEBko Estatu idazkariak, "Venezuelako herriaren xede demokratikoei laguntzeko" eskatu die "nazio guztiei, Maduro legez kontrako presidente ohi mafiosoarengandik askatzen saiatzen diren bitartean".

"Espero dugu nazio guztiek Juan Guaido bitarteko presidentea gurekin batera onartzea. Nazio horiek beren finantza sistemak Maduroren erregimenetik banatzea ere espero dugu, eta Venezuelako herriarenak diren aktiboak Estatu horretako agintari legitimoentzat izatea ahalbidetzea", esan du Pompeok.

Txinari eta Errusiari NBEn Venezuelari buruzko jarrera bakarra saihestea leporatu die zuzenean.

"Estatu kolpe bat antolatzea" leporatu dio Errusiak AEBi

Vassily Nebenzia Errusiako ordezkariaren arabera, AEBk Segurtasun Kontseiluaren batzarra deitzea "nazioarteko zuzenbidearen urraketa" eta "estatu kolpe bat antolatzea" izan da.

Beijing eta Moskurentzat, Venezuela da arrisku bat nazioarteko segurtasunarentzat eta bakearentzat. Beraz, Hegoamerikako herrialde horren krisi politikoa barne gatazka bat da, eta ez da Segurtasun Kontseiluan eztabaidatu behar.

Latinoamerika, zatituta

Latinoamerikako herrialdeek biltzarrean parte hartzea eskatu zuten, eta zatiketa nabarmen ikusi da.

Kolonbia, Paraguai, Brasil, Argentina, Txile, Ekuador, Panama, Costa Rica, Peru eta Dominikar Errepublika Maduroren "diktaduraren" aurka azaldu dira, eta Guaido babestu dute.

Beste aldean, Boliviak, Nikaraguak eta Kubak elkartasuna adierazi diote Madurori, eta atzerriko "injerentziak" kritikatu dituzte. Mexikok eta Uruguaik, bestalde, Salvadorrek eta Errusiak ere babestu duten elkarrizketarako hirugarren bide bat proposatu dute. Nebenzia errusiarrak, izan ere, Mexikoren "asmo hauei batzera" gonbidatu du "mundu guztia".

"Emaiozue venezuelarrei euren arazoak konpontzeko aukera", esan du Nebenziak. Europako herrialdeek Venezuelari emandako epea "ultimatum zentzugabetzat" hartu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna NBE Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Nicolás Maduro Hauteskundeak Juan Guaidó