Mundua -

Venezuela

Madurorekin hitz egiteko proposamena errefusatu du Guaidok

Bere burua presidente izendatu duen Parlamentuko buruak, gainera, datorren astean mobilizazio berri batera deitu ditu venezuelarrak.

Juan Guaido, Venezuelako Parlamentuko presidentea / Argazkia: EFE.
Juan Guaido, Venezuelako Parlamentuko presidentea.
Guaidok mobilizazioetarako deia egin du, eta Maduro elkarrizketarako prest agertu da

1:42

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Guaidok, Venezuelako Parlamentuko burua denak eta bere burua herrialdeko presidente izendatu duenak, Mexikok eta Uruguaik egindako proposamena errefusatu du. Bi herrialdeek Nicolas Maduroren Gobernuak eta oposizioaren balizko elkarrizketa batean bitartekariak izateko proposamena egin dute. Guaidok esan duenez, eztabaidatzeko proposamen bakarra "usurpazioaren bukaera" da.

"Usurpatzailearen erregimena bi gauza egitera ohituta dago presioa handitzen denean: lehenengoa, errepresioa, hilketa eta jazarpena, eta bigarrena, errepresioak emaitzarik eman ez dionean, elkarrizketa faltsua", esan du Chacao plazatik, Caracaseko metropoli-eremuan egindako mitin jendetsu batean.

Guaidok esan duenez, oposizioko Batasun Demokratiko Mahaiak "negoziaketekin arazoa konpontzeko borondatea izan du". "Dominikar Errepublikan egin genuen", esan du, huts egin zuen elkarrizketarako azken saioa gogoraraziz.

"Munduak eta erregimenak argi izan behar dute elkarrizketa faltsurako ez gaudela prest", esan du. "Hemen onargarria den bakarra usurpazioarekin bukatzea da, trantsizioko gobernua ezartzea eta hauteskunde askeak egitea", gehitu du. "Eztabaidatzeko elementu bakarra, ez dago besterik, usurpazioarekin bukatzea da", azpimarratu du.

"Mobilizazio handi bat" datorren asterako

Guaidok, gainera, datorren astean mobilizazio berri batera deitu ditu venezuelarrak, legez kontrakotzat duen Nicolas Maduroren Gobernuaren kontra.

Bere burua bitarteko presidente izendatu zuenetik lehenengo agerpen publikoan, Guaidok Venezuelako 335 udalerrietan larunbatean egingo dituzten batzarretan parte hartzera deitu ditu herritarrak, hurrengo asteko "mobilizazio handia" prestatzeko. Ez du mobilizazio horren inguruko informazio gehiago eman.

Gainera, "kubatarrak" Armadako goi-karguetan daudela salatu du.

"Kubatarrak Armadatik joateko eta aginte postuak uzteko garaia da. Anai kubatarrak, herri honetan ongi etorriak zarete, baina Armadatik kanpo, aginte postuetatik kanpo", esan du Guaidok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Latinoamerika Nicolás Maduro Juan Guaidó