Mundua -
Venezuela
Venezuelan 'elkarrizketa prozesu bat' eta 'hauteskunde libreak' eskatu ditu Urkulluk
Bestalde, “Venezuelako Estatu-kolpe saiakeran izan den atzerriko esku-sartzea” errefusatu du EH Bilduk.
Agentziak | Erredakzioa
Venezuelan “atzerapenik gabe, elkarrizketa prozesu bat” abiatzea, eta ondoren “hauteskunde libre eta demokratikoak” deitzea eskatu du Iñigo Urkullu lehendakariak.
Venezuelak bizi duen egoeraren aurrean “kezka sakona” azaldu du lehendakariak sare sozialetan. Bestalde, “biztanleriaren eta Batzar Nazionaleko ordezkarien segurtasuna une oro bermatzeko beharra”, azpimarratu du Urkulluk.
Eusko Jaurlaritzaren izenean, Federica Mogherini Europar Batasunaren Atzerri Politikarako goi-ordezkariarekin bat egiteko dei egin du lehendakariak. “Atzerapenik gabe, elkarrizketa politiko prozesu bat abiatzea” eskatu du, ondoren “premiaz, hauteskunde libre eta demokratikoak” deitzeko. “Laburbilduz, Venezuelarentzako konponbide baketsu eta demokratiko bat nahi dugu”, erantsi du.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak “Euskal Etxeen bidez euskal diasporarekin harreman etengabea” duela ziurtatu du Urkulluk.
Boteretik alde egiteko eskatu dio EAJk Madurori
Boterea berehala eta modu baketsuan uzteko eskatu dio EAJk Nicolas Madurori, “benetako” hauteskunde “demokratiko eta libreak” egin ahal izateko.
Zentzu horretan, Maduroren presidentetza “zilegia ez” dela uste dute jeltzaleek. Guaidoren erabakia “ulertu eta errespetatzen” du EAJk, Batzar Nazionaleko presidente gisa horretarako boterea duelako.
“Trantsizio epe labur” bat ezartzea eta presidentetzarako hauteskunde gardenak deitzea eskatu diote jeltzaleek Guaidori agiri batean. Hauteskundeek nazioartearen bermea izatea nahi du EAJk, hautagai guztiek aurkeztu ahal izateko.
"Estatu-kolpean atzerriko esku-sartzea" izan dela salatu du EH Bilduk
Bestalde, “Venezuelako Estatu-kolpe saiakeran atzerriko esku-sartzea” izan dela salatu du EH Bilduk. “Egoera zailari” aurre egiteko “elkarrizketa” eskatu du koalizioak.
“Atzerriko eragileak barne liskarra eragiten saiatu dira, eta Estatu-kolpeak Venezuelaren egoera kaskartzea bakarrik eragin dezake”, azaldu du koalizioak agiri batean.
“Venezuela ataka larrian dagoela ukaezina da, baina Venezuelako herriak bakarrik egoera konpondu behar du elkarrizketaren bidez, eta kanpoko esku-sartzerik gabe”, gaineratu duenez.