Mundua -

Venezuela

EBk babesa eman dio Asanblea Nazionalari, eta hauteskunde 'sinesgarriak' eskatu ditu

Berehala prozesu politiko berri bat abiatzea eskatu du "irmoki" Europar Batasunak, hauteskunde aske eta sinesgarriak deitu ahal izateko.

Federica Mogherini. Argazkia: EFE
EBk babesa eman dio Asanblea Nazionalari
Federica Mogherini. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunak (EB) "babes osoa" eman dio Venezuelako Asanblea Nazionalari, eta "berehala" hauteskunde "sinesgarriak" deitzeko prozesua abiaraztea exijitu du.

"EBk Asanblea Nazionala babesten du, demokratikoki aukeratua izan delako. Hortaz, botere horiek errespetatu egin behar dira", esan du Federica Mogherini Atzerri Politikako ordezkariak EBren estatu kideen izenean egindako adierazpenean.

Mogherinik modu horretan hitz egin du Juan Guaido Parlamentuko presidente berriaren izendapenari buruz.

Ildo horretan, berehala prozesu politiko berri bat abiatzea eskatu du "irmoki" Europar Batasunak, hauteskunde aske eta sinesgarriak deitu ahal izateko.

Politikari italiarrak baieztatu du Venezuelako herritarrek demokrazia eta herri horren etorkizuna askatasunez erabakitzeko aukera eskatu dutela.

"Aldarri horiei ezin diegu entzungor egin", zehaztu du. Halaber, garrantzia eman dio Asanblea Nazionalaren eta Juan Guaido presidentearen "eskubide zibilak, askatasuna eta segurtasuna" erabat errespetatzeari.

Bukatzeko, argi utzi du indarkeria mota oro "onartezina" dela, eta horren bitartez ez dutela krisia konponduko.

"Venezuelako herriak manifestazio baketsuak egiteko eskubidea dauka", esan du Mogherinik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Nicolás Maduro Hauteskundeak gaur Juan Guaidó