Mundua -
VENEZUELA
Venezuelaren Ekuadorko Enbaxadak herritarrak aberriratzeko plana aktibatu du
Ekuadorko Gobernuak, bere aldetik, Venezuelatik joandako etorkinak kontrolatzeko neurriak abiatu ditu, venezuelar batek kalean emakume ekuadortar bat hil ostean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Venezuelaren Ekuadorko Enbaxadak plan berezia jarri du martxan herrialde horretan dauden venezuelarrak handik irten daitezen. Izan ere, Ekuadorko Gobernuak migratzaile venezuelarrak kontrolatzeko neurriak abiatu ditu, larunbatean hilketa bat izan ondoren.
Venezuelako Enbaxadak ohar baten bidez zehaztu duenez, "Sorlekura Itzultzeko Plana" aktibatu berri du, etxera itzuli nahi duten venezuelar guztiei zuzenduta. Hain zuzen ere, indarkeria eta xenofobia boladaren beldur, Venezuelara itzultzeko gogoz daude etorkinetako asko.
Hartara, jaioterrira bueltatu nahi dutenek Quitoko Enbaxadara joan beharko dute, aberriratze eskaria egitera.
Gainera, gorroto, mespretxu, zirikatze, diskriminazio eta indarkeria ahalegin guztiak saihestea eta errotik desagerraraztea eskatu die Ekuadorko agintariei.
Atzo, astelehena, Otto Sonnenholzner Ekuadorko presidenteak iragarri zuen herrialdean sartu nahi duten venezuelarrek aurrekari penalen gaineko ziurtagiria aurkeztu beharko dutela bertara iritsitakoan.
Diana Carolina gaztearen hilketari erantzuteko asmoz hartu duten neurrietako bat da hori. 90 minutuz bahituta eduki ostean, sastakatuz hil zuten larunbatean Ibarran, Ekuador iparraldean.