Mundua -

VENEZUELA

Maduroren aurka altxatu den taldeko 27 militar atxilotu dituzte

Venezuelako Gobernuak jakitera eman duenez, legea zorrotz ezarriko zaie atxilotutako militarrei. Armak lapurtzea eta lau agente bahitzea leporatzen zaie.

Hainbat manifestari, gaur, Caracasen. Argazkia: EFE.
Protestak, Venezuelan.
Nicolas Maduroren aurka altxatu diren militarrak atxilotu egin dituzte

2:35

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelan, astelehen goizean Nicolas Maduro presidentearen aurkako altxamenduan parte hartu duten 27 militar atxilotu dituzte, Diosdado Cabello Batzar Konstituziogileko buruzagi ofizialistak jakinarazi duenez. Dena den, ez du baztertzen datozen orduetan atxilotuen kopuruak gora egitea.

"Tokian bertan 25 (militar) atxilotu dituzte, eta beste bi, beste toki batean", esan du agintean dagoen Venezuelako Alderdi Sozialista Batuaren bozeramaile gisa jardun duen Cabellok.

Guardia Nazional Bolivartarreko (GNB) militar batzuk Maduroren kontra altxatu dira. Goizaldeak armak lapurtu eta lau agente bahitu ostean, Guardia Nazional Bolivartarrak Caracaseko Cotiza auzoan duen gunera joan dira. Indar Armatu Bolivartarrak azaldu duenez, han beste agente batzuen erresistentziarekin egin dute topo.

Cabelloren esanetan, altxamenduak ez du babesik izan herrialdeko beste kuarteletan.

Venezuelako Gobernuak jakitera eman duenez, legea zorrotz ezarriko zaie atxilotutako militarrei.

"Ordena konstituzionala berrezartzea"

Gaur goizaldean egin du altxamendurako deia militar talde batek, sare sozialetan zabaldutako hainbat bideoren bidez. Venezuelan "ordena konstituzionala berrezartzea" nahi dutela, eta herritarrei kaleak hartzeko eskatu diete. Venezuelako herriaren aldeko borrokatzat jo dute ekimena.

Valdren Figueroa Caracaseko San Jose de Cotiza kuarteleko burua da bideoan agertzen denetako bat. Horren hitzetan, ez dute Maduroren Gobernua bere egiten, eta "borrokarako prest" daude, "ordena konstituzionala bere onera ekartzeko".

Ez duela amore emango gaineratu du Figueroak bideoan, eta "borrokalari guztiei" dei egin die, "euren eskubideak kalean" defendatzeko.

Mezu horiek zabaldu eta gutxira atxilotu dituzte guztiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Nicolás Maduro