Mundua -
VENEZUELA
Venezuelak Amerikako Estatu Batuen Erakundearen ebazpena kritikatu du
Erakundearen ezohiko bileraren “emaitza errefusatu” eta maiatzean Maduro “Venezuelako herri burujabeak aukeratu” zuela esan du Venezuelako Gobernuak .
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Venezuelako Gobernuak errefusatu egin du Amerikako Estatu Batuen Erankudea osatzen duten herrialdeen gehiengoak Nicolas Maduro presidente izendatzearen aurrean hartu duen jarrera. Herrialde gehienek ez dute onartu Maduroren zilegitasuna “aurrekari arriskutsua” dela uste baitute.
Madurok sei urteko karguaren zina egin bezain laster, Amerikako Estatu Batuen Erakundeak ezohiko bilera bat egin du Argentinak, Txilek, Kolonbiak, Costa Rica, Estatu Batuek, Peru eta Paraguaik aurkeztutako ebazpena eztabaidatzeko.
Azken dokumentua 19 herrialdek babestu zuten, Limako Taldea osatzen duten 14tik 13k, Ameriketako Estatu Batuek, Dominikar Errepublikak, Bahamak, Barbados, Jamaika eta Haitik, besteak beste. Halaber, Venezuela, Bolivia, Nikaragua, Saint Vicent eta Grenadinak, Surinam eta Dominikak aurka bozkatu zuten. Mexiko, San Kristobal eta Nieves, Trinidad eta Tobago, Uruguai, Antigua eta Barbuda, Belize eta El Salvador abstenitu egin ziren.
Venezuelako Gobernuak, komunikatu batean, ezohiko bilerako “emaitza ukatu” du. Gainera, maiatzean Maduro “Venezuelako herri soberanoak aukeratu” zuela errepikatu du oharrak. Hala ere, oposizioak eta Amerikako eta Europako herrialde askok, hauteskunde horietan iruzurra egin zela nabarmentzen dute.
Estatu Batuek “kanpaina kriminala sustatzeko eta erregimena aldatzeko” Latinoamerikan erabili duten “hertsadura praktika” salatu du Venezuelak baita ere.
Gainera, Maduroren Gobernuak eskerrak eman dizkie “ebazpena babestu ez duten herrialde lagunei”. “Herrialde horiek badakite justiziaren manipulazio horrek gure herrien bake eskubidearen aurka egiten duela eta arriskuan jartzen du Latinoamerika eta Karibeko egonkortasuna”, gaineratu du Venezuelak.