Mundua -
Misioa
Txinako espazio-zunda batek Ilargiaren alde ezkutuan lur hartu du
AEBko edo Sobietar Batasuneko espazio programa aitzindariek Ilargiaren alde ezkutuari argazkia ateratzea lortu zuten duela mende erdi baino gehiago, baina sekula ez ziren ilargiratu.
Agentziak | Erredakzioa
Chang'e 4 Txinako espazio-zundak Ilargiaren alde ezkutuan lur hartu du, historian aurreneko aldiz, ANEC Txinako Espazio Administrazio Nazionalak jakitera eman duenez.
Xinhua albiste-agentzia ofizialak ANEC aipatuz zehaztu duenez, ilargiratzea aurreikusitako zonaldean gertatu da: Aitken arroan, Lurreko satelitearen hego poloan.
Chang'e 4 espazio-zundaren lorpena “unibertsoaren giza esplorazioan mugarria” dela uste du Global Times egunkariak.
Besteak beste, behe-maiztasuneko behaketa astronomikoa, erliebe azterketa, Ilargiaren azaleko egitura eta mineralen osaketa antzeman eta neutroi zein atomoen erradiazio neurketak egingo ditu misioak.
Horretarako, espazio-zundak modulu bat eta ibilgailu esploratzaile bat ditu. Misioa Xichangeko zentrotik (Sichuan probintzia, Txinako hego-mendebaldea) abiatu zen abenduaren 8an.
Lau egun geroago, Chang'e 4 Ilargiaren orbitan sartu zen. Ondoren zundaren orbita bi aldiz murriztu zuen ANECek, azkena abenduaren 30ean.
Espazio-zundaren eta Lurraren arteko komunikazioa Queqiao sateliteari esker posible da. Satelitea iragan maiatzean jaurti zuen Txinak.
Ameriketako Estatu Batuetako edo Sobietar Batasuneko espazio programa aitzindariek Ilargiaren alde ezkutuari argazkia ateratzea lortu zuten duela mende erdi baino gehiago, baina sekula ez ziren ilargiratu; nahiz eta 1962an AEBko misio bat horretan saiatu.
Epe luzera tripulatzaileekin misio bat Ilargira bidaltzeko asmoa dute, baina ez dute datarik zehaztu. 2036an bidaltzea espero dute aditu batzuek.