Mundua -
Alderdi Kontserbadorea
Datozen hauteskundeetara aurkeztuko ez dela iragarri du Mayk
Egunean zehar, diputatu kontserbadoreak Westminsterreko bulegoan hartu ditu Mayk, zentsura-mozioan haien babesa izateko.
Agentziak | Erredakzioa
Datozen hauteskundeetara aurkeztuko ez dela iragarri die Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak Alderdi Kontserbadoreko diputatuei. Arratsaldean bozkatu beharreko barne zentsura-moziotik bizirik ateratzeko, ordezkari 'torie'kin bildu da May asteazken honetan.
Egunean zehar, diputatu kontserbadoreak Westminsterreko bulegoan hartu ditu Mayk, zentsura-mozioan haien babesa izateko. Gobernuak eta EBk 'brexit'aren inguruan adostutako akordiorekin haserre diren 'torie'k 'premier'a kargutik kentzeko zentsura-mozioa martxan jartzea lortu zuten.
Zentsura-mozioa aktibatzeko 48 gutun gutxienez lortu behar zituzten alderdikide matxinoek. Astearte gauean babes guztiak eskuratu eta 1992 Batzordeari (Alderdi Kontserbadorearen gobernu organoa Westminsterren) bidali zizkioten.
Fakzio kritikoaren ekimenak arrakasta baldin badu, Mayk Alderdi Kontserbadoreko buruzagia izateari utziko lioke eta, ondorioz, lehen ministro kargutik ere kenduko lukete. Ondoren, bi tokiak betetzeko barne-hauteskundeak izango lirateke.
Hala ere, Mayk kontraerasora jo eta diputatu kontserbadoreekin bilera-sorta egin du. Horietakoren batek jakitera eman duenez, zentsura-mozioa gainditzeko etorkizuneko planen berri eman die alderdikideei.
Zentsura-mozioaren bozketa 19:00etan (Euskal Herriko ordutegia) hasi eta bi orduz luzatzea espero da; izan ere, diputatuek banan-banan eman behar dute iritzia. Emaitzak 22:00ak aldera jakitera emango dituzte.