Mundua -
Erasoa Frantzian
Estrasburgoko atentatuaren egilea 29 urteko gazte bat da, Fiskaltzaren arabera
Erasoa gertatu baino ordu batzuk lehenago, Polizia susmagarria atxilotzen saiatu zen, baina ez zuen etxean topatu. Ihesean jarraitzen du eta segurtasun indarrak haren bila ari dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantziako Fiskaltzak baieztatu du Estrasburgokoa atentatu terrorista izan zela eta erasoaren ustezko egilea 29 urteko gazte frantziar bat dela: Cherif Chekatt.
Remy Heitz Parisko fiskalak jakinarazi duenez, hainbat delitugatik aurrekariak ditu eta Frantzian, Alemanian eta Suitzan 27 aldiz zigortu dute. "Erradikalizatu" egin zelakoan, Poliziak fitxatuta zeukala esan du.
Fiskalak datu aipagarri bat ere eman du: astearte goizean Polizia susmagarria atxilotzen saiatu zen, homizidio saiakera eta lapurreta egotzita, baina ez zuten etxean topatu. Aitzitik, lehergailu bat, fusil bat eta munizioa antzeman zuten.
Polizia-operazio horrek susmagarria ordu batzuk geroago izandako erasoa egitera bultzatu zuela uste dute ikertzaileek.
Etxean ez zegoela ikusita, segurtasun indarrak gizon gaztearen bila hasi ziren, baina alperrik. Gaueko 20:00ak inguruan, Estrasburgo erdigunean, jendearen aurka tiroka hasi zen. Bi lagun hil eta beste 13 zauritu zituen, horietako batzuk larri.
Fiskalak azaldu duenez, lekukoek esan dute "Ala handia da" oihukatu zuela. Oraingoz, baina, inork ez du atentatuaren ardura bere gain hartu.
Erasotzaileak egindako ibilbidea zein izan zen eta laguntzarik izan ote zuen argitu nahian ari dira orain. Ildo horretan, lau pertsona atxilotu dituztela baieztatu du fiskalak. France Info irratiaren arabera, susmagarriaren gurasoak eta bi anaiak dira atxilotutakoak.
(Frantziako Poliziak ustezko erasotzailearen argazkia zabaldu du. EFE)