Mundua -
'Brexit'ari buruzko akordioa
Juncker: 'Ez dugu brexita birnegoziatuko eta Irlanda ez da bakarrik geldituko'
"Lor genezakeen akordio onena eta bakarra da. Ez dugu 'brexit'aren hitzarmena birnegoziatzeko denborarik, nahiz eta zenbait puntu argitu ditzakegun", esan du Junckerrek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jean-Claude Juncker Europar Batzordeko presidenteak Theresa May Britainia Handiko lehen ministroari jakinarazi dio agortu dela brexitari buruz negoziatzeko epea. Nolanahi dela, banaketa akordioa onartze bidean, Parlamentu britainiarrari prozesua erraztuko dion formula bilatzen saiatuko dira gaur bertan Bruselan egingo duten bileran.
"Lor genezakeen akordio onena eta bakarra da. Ez dugu brexitaren hitzarmena birnegoziatzeko denborarik, nahiz eta zenbait puntu argitu ditzakegun", esan du Junckerrek Twitter bidez zabaldu duen mezu labur batean. "Ez dugu inoiz Irlanda bakarrik utziko, inoiz", gaineratu du.
Esan bezala, Junckerrek eta Mayk bilera egingo dute iluntzean. Aurretik, 17:00ak aldera, Donald Tusk Kontseilu Europarreko presidentearekin elkartuko da da lehen ministro britainiarra. Tuskek, bere aldetik, Europar Batasuneko 27 estatu kideak deitu ditu brexitari buruz eztabaidatzeko ostegunean egingo duten bilerara.
"Ez dugu akordioa birnegoziatuko, baina Erresuma Batuaren berrespena nola erraztu eztabaidatuko dugu", esan zuen Tuskek astelehenean.
Oraindik ez dute zehaztu osteguneko hitzordua zein ordutan izango den, baina jakina da Mayk ez duela bertan parte hartuko. Akordiorik lortuko ez balitz, brexitak eragingo lukeen egoera "kaotikoa" aztertzea ere bada Tusken asmoetako bat osteguneko batzarrera begira.
Bien bitartean, Mayk ere bilera sorta egingo du hurrengo egunetan. Gaur, adibidez, Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroarekin bilduko da lehenengo, eta Angela Merkel kantziler alemaniarrarekin geroago.