Mundua -
Erresuma Batua
Mayk 'brexit'aren akordioaren bozketa atzeratu du
Biharko zegoen aurreikusita, baina babes gehiago lortzeko atzeratzea erabaki dute.
Agentziak | Erredakzioa
Bihar Komunen Ganberan brexit-aren akordioaren inguruan egitekoa zen bozketa atzeratzea erabaki duela jakinrazi du Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak. Babes gehiago lortzeko hartu omen du erabakia, eta datozen egunotan Ipar Irlandari buruzko "berme gehigarriak" lortzen saiatuko dela Bruselan jakinarazi du.
Europar Batasuneko (EB) Justizia Auzitegiak gaur bertan ebatzi duenez, Erresuma Batuak brexit-a gauzatzeko prozedura etetea erabaki dezake, alde bakarrez eta gainerako 27 herrialdeen babesik izan gabe.
Europar Batasunetik ateratzeko prozesuari eusteko konpromisoa berretsi du beti lehen ministroak, eta horren alde egin du, gaur ere, Komunen Ganberan brexit-aren akordioa eztabaidatzeko egin den laugarren saioan.
Mayk aitortu du bihar bozketa eginez gero, Europako Batasunean lortutako akordioa ez litzatekeela aurrera aterako. Izan ere, gaur gaurkoz, Komunen Ganberan kontrako ahots asko daude. Diputatu kontserbadore euroeszeptikoek eta oposiziokoek aurka bozkatuko dutela iragarri dute, eta dozenaka partamentari kontserbadorek ere, alderdiaren disziplinarekin hausteko mehatxua egin dute, akordioaren aurka bokatuz.
Halere, gaurko agerraldian lehen ministroak baikortasun mezua ere igorri nahi izan du, Bruselan onartutako dokumentuaren hainbat puntutan adostasun zabala lortu duela esanez. "Oraindik uste du Ganberaren gehiengoaren babesa lor dezakedala, Ipar Irlanda babesteko berme gehigarriak lortuz gero", esan du.
Mayren asmoak ezagututa, kritiko agertu da Nicola Sturgeon Eskoziako ministro nagusia. "Koldarra" izatea eta "bere alderdiaren interesak beste ezeren gainetik jartzea" egotzi dio lehen ministro britainiarrari.