Mundua -
''Brexit''
Erresuma Batuak atzera bota dezake 'brexit'a, EBko abokatu baten arabera
Lotesleak izan ez arren, abokatu horren ondorioek EBko Justizia Auzitegiak ematen dituen epaiaren ildoak zuzendu ohi ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Erresuma Batuak Europako Itunaren 50. artikulua atzera botatzeko gaitasun unilaterala duela zehaztu du Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusi batek. 50. artikuluak abiatu zuen brexita 2017ko martxoaren 29an.
"50. artikuluak Batasunetik erretiratzeko asmoaren jakinarazpenaren aldebakarreko ezeztatzea onartzen du, EBtik ateratzeko akordioa amaitzen den unera arte, ezeztatzea estatu kidearen arauen arabera erabaki bada, Europako Kontseiluari era formalean jakinarazten bazaio eta jardunbide neurrigabekoa ez badago", esan du abokatuak.
Lotesleak izan ez arren, abokatu orokorraren konklusioek EBko Justizia Auzitegiak ematen dituen epaiaren ildoak zuzendu ohi ditu.
Manuel Campos Sanchez-Bordona, auziaren arduraduna, Vienako Konbentzioko Itunen Eskubideak oinarri hartu ditu "nazioarteko itun baten jakinarazpenak, eragina izan aurretik, edonoiz baliogabe utzi daitezkeela" adierazteko.
Vienako Konbentzioaren arabera, nazioarteko itun bat balio gabe uztea Estatu kidearen "subiranotasun aldarrikapen bat" da; eta, hortaz, erabakia atzera botatzea ere.
Bestalde, 50. artikuluan EBtik ateratzeko "asmoa" eta ez "erabakia" aipatzen dela gaineratu du.
Komunen Ganberak bost egunez eztabaidatuko du Theresa Mayren Gobernuak eta Europar Batasunak adostutako brexitaren akordioa, abenduaren 4an hasita. Abenduaren 11n, berriz, akordioa bozkatuko dute.