Mundua -

Erresuma Batua

'Brexit'aren akordioak gaur aurrera egitea espero du EBk

Donald Tusk Europako Batzordeko presidenteak adierazi du goi-bilera azkenean igande honetan izango dela, Gibraltarri buruzko argitasun faltagatik Espainiak zituen mesfidantzak gainditu orduko.

Theresa May eta Jean Claude Juncker. Artxiboko irudia: EFE
Theresa May eta Jean Claude Juncker. Artxiboko irudia: EFE
Theresa May eta Jean Claude Juncker. Artxiboko irudia: EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunak (EB) igande honetan espero du Erresuma Batua EBtik ateratzeko akordioa babestea. Donald Tusk Europako Batzordeko presidenteak adierazi du goi-bilera azkenean gaur izango dela, Gibraltarri buruzko argitasun faltagatik Espainiak zituen mesfidantzak gainditu ostean.

"’Brexit’aren negoziazioei buruzko emaitzak igandean onartzea aholkatuko dut. Inork ez du pozik egoteko arrazoirik, baina, behintzat, une kritiko honetan, Hogeita zazpiek batasun eta elkartasun proba pasatu dute", esan du Tuskek, herrialdeetako buruei bidalitako gonbidapenean. Bilera 09:30ean hasiko da (08:30 GMT).

"Igande honetan bilduko gara 'brexit'ari buruzko emaitzekin amaitzeko eta horiek formalizatzeko", azaldu du politikoak.

Gonbidapen-gutuna bidali baino lehen, Tuskek bozeramaile baten bitartez jakinarazi zuen Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin hitz egin zuela, eta elkarrizketaren ostean goi-bilera egitea "gertuago" ikusten zuela.

Zertxobait geroago Espainiak EB eta Erresuma Batuaren arteko akordioaren alde egingo duela iragarri zuen Sanchezek, Gibraltarri buruzko "blindatze hirukoitz historikoa" lortu eta gero. Espainiako Gobernuak eskatutako berme guztiak hartzen ditu idatziz.

"Elkartasuna, determinazioa eta eztabaida dira Europar Batasunean irtenbideak aurkitzeko bitartekoak", esan du Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak Twitterren, Espainiako mandatariarekin hitz egin ostean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Erresuma Batua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Brexita