Mundua -
Brexit
May, akordioari buruz: ‘Ez dut dimisioa emango, prozesu hau nik zuzenduko dut’
Alabaina, Erresuma Batuko lehen ministroaren aurkako konfiantza mozioa aurkezteko bidea aztertzen hasi dira Parlamentuan ordezkatuta dauden diputatu batzuk.
Agentziak | Erredakzioa
Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko baldintzen inguruan itxitako oinarrizko akordioaren alde agertu da Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa. Ildo horretatik, adostutako akordioa “zuzena” dela nabarmendu du ostegun arratsalde honetan, eta ez duela atzera egingo ziurtatu du: “Ez dut dimisioa emango, prozesu hau nik zuzenduko dut”.
Asteazkenean, Mayk bere gobernuaren babesa jaso zuen, Ministroen kabinetearekin bilera luzea egin ostean. Alabaina, akordioak dimisio ugari eragin ditu eta, besteak beste, Dominic Raab brexiterako ministroak utzi du bere kargua.
Erresuma Batuko lehen ministroak argi utzi duenez, ez du hauteskundeak aurreratzeko ezta bere dimisioa aurkezteko asmorik. Dena dela, Mayren aurkako konfiantza mozioa aurkezteko bidea aztertzen hasi dira Parlamentuan ordezkatuta dauden diputatu batzuk. Erabaki horren aurrean ondorengoa azpimarratu du Mayk: “Jokalari bikainek amaierara arte jokatu behar dute haien partida”.
Gauzak horrela, lidergoak “irtenbide errazak hartu beharrean erabaki zuzenak” hartu behar dituela azpimarratu du. Hala, herrialdearen interes orokorrei erantzuteko asmoz Erresuma Batuak beste bide bat hartu behar dutela uste dutenen iritziak errespetatzen dituela esan du.
Bere esanetan, Bruselarekin lortutako akordio “teknikoak” herritarren asmoei erantzuten die, eta 2016ko galdeketan “emandako aginduari" erantzuten dio. Gauzak horrela, Erresuma Batuak “diruaren, mugen eta legeen kontrola” izango duela nabarmendu du, Europar Batasuneko araudi orokorra bertan behera geratuko baita herrialde hartan.
Mayk “milaka lanpostu jokoan” daudela ziurtatu du, eta Ministroen kabinetan “batasuna” lortzeko deia egin du. Izan ere, adostasunik ez balego, oraindik ezagutzen ez dituzten ondorioei aurre egin behar izango dietela ohartarazi du. Dena dela, beste galdeketa bat egiteko aukera baztertu egin du Mayk.
Erresuma Batuaren “batasuna”
Mayk arratsaldean egindako agerraldian ziurtatu duenez, akordioak Erresuma Batuko herritar guztien “batasuna” bermatzen du. Alabaina, hori izan da politikari gehienek leporatu diotena lehen ministroari, izan ere, akordioa batasun horren kontra doala uste dute.
Hala, herritarrak ezin direla engainatuta sentitu azpimarratu du Mayk, batez ere gaur egungo egoera galdeketa egin aurretik bizi zutenarekin alderatzen badute. Bere esanetan, negoziazioak “oso zailak” izango zirela esan zuen 2016an, erreferenduma egin aurretik.