Mundua -
PARIS
Macronen eta Merkelen argazki historikoa, I. Mundu Gerraren amaieraren mendeurrenean
Gerrari amaiera eman zion armistizioa izenpetu zela 100 urte bete dira. Hori gogoratzeko ekitaldi nagusia gaur egingo da Parisen, 72 estatuburu eta gobernuburu bertan direla.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Argazki historikoa utzi dute asteburu honetan Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak. Paris iparraldean, Compiegnen, elkartu dira, duela 100 urte I. Mundu Gerrari amaiera emateko armistizioa izenpetu zen lekuan.
17 milioi herritar hil ziren gerra hartan, eta horien guztien omenez plaka bat jarri dute. François Miterrand eta Helmut Kohl Frantziako eta Alemaniako agintari ohiek, hurrenez hurren, 1984an Verdunen ateratako argazki sinbolikoa ekarri du gogora Merkelen eta Macronen irudiak.
Ekitaldi laburra izan zen atzokoa. Minutu bateko isilunearekin eman zioten hasiera, eta ondoren, Armistizioaren Bagoia museoa bisitatu zuten, 1918ko azaroaren 11n ordezkari frantziarrek eta alemaniarrek su-etena sinatu zuten tokiaren erreplika.
Memorialaren urrezko liburuan sinadura bana utzi zuten Macronek eta Merkelek. Museoko zuzendariak jakinarazi zuenez, liburu horrek hartuko dituen azken hitzak izango dira.
Zeremoniaren ondoren, bertan bildutakoen aurrean hitz batzuk egin zituzten bi buruzagiok. Macronen arabera, Alemaniari eta Frantziari esker "Europa bakean bizi da azken hamarkadetan". Gerran hil ziren gazteen "mezuari eutsi" behar zaiola esan zuen; "banaketarako tentazioen aurrean, ezin dugu amore eman. Elkarrekin egin behar diegu aurre mundu garaikidearen erronkei, eta ez bata bestearen kontra".
Mendeurreneko ekitaldi nagusia gaur egingo da Parisen, 72 estatuburu eta gobernuburu bertan direla.