Mundua -
Migrazioa
Migratzaileen karabanak Mexiko Hiria utzi du, iparralderantz
Asilo eskaera egiten duten migratzaileen aukerak murrizten dituen agindua sinatu du Trumpek. Gehienak hondurastarrak dira, eta hurrengo geltokia Queretaro dute.
Agentziak | Erredakzioa
Mexiko Hiriko kiroldegi batean zeuden milaka migratzaileek hiriburua utzi dute bidaia jarraitzeko, Estatu Batuetako mugarantz. Erdialdeko Amerikako migratzaileen hurrengo geltokia Queretaro izango da.
Gehienbat Hondurasekoak dira migratzaileak. Goizaldean irten dira, aurreko gaua Queretaron igaro zuten kideen bidea jarraituz. Mexikoko erdialdean dago Queretaro.
Mexiko Hiriko garraio zerbitzuek, Magdalena Mixhuca kiroldegitik mendebaldera joan daitezen, metroaren ateak ireki dizkie. Mexiko Estatura igaro dira horrela, zati batzuk oinez eta beste batzuk autobusez ala kamioiez eginez.
Migratzaileen karabana urriaren 13an atera zen San Pedro Sulatik (Honduras iparraldean), eta Mexikon sei egunen buruan sartu zen. Tijuana (Kalifornia Beherea) dauka helmuga. San Diegoren (Estatu Batuak) ondoan dago Tijuana.
Trump, karabana gelditu nahian
Estatu Batuetako presidenteak, Donald Trumpek, Mexikoko mugan asilo eskaera egiten dutenen aukerak murrizten dituen eta herrialdean legez kontra sartzen direnei babesa ematea galarazten duen agindua sinatu du. Hala ere, neurri horrek ez ditu migratzaileen asmoak geldiarazi.