Mundua -
BILERA PARISEN
Trumpek eta Macronek Europak defentsarako diru gehiago jarri behar duela uste dute
Bart, Parisera iritsi bezain pronto, txio bat idatzi zuen Trumpek "oso iraingarria" zela Macronek Europar armada sortzea proposatu izana, "Txinaren, Errusiaren eta AEBen aurrean defendatzeko".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Donald Trump AEBetakoak bilera egin dute gaur goizean, Lehen Mundu Gerrako armistizioaren mendeurrena dela eta, asteburu honetan Parisen egingo diren ekitaldien aitzakian.
AEBetako presidentea 11:00etan iritsi da Eliseoa. Asmoa, ordu erdiko bilera aldebikoa egitea, ondoren delegazio osoak, eta amaitzeko bi presidenteek eta euren emazteek elkarrekin bazkaltzea.
Ez zegoen aurreikusita bietako inork komunikabideekin hitz egitea bilera amaitu baino lehen, baina Macronek hitza hartu du eta Iran, Siria, merkataritza, Afrika nahiz azken orduotan polemika eragin duen "Europaren gaitasun estrategikoa" bezalako gaiak izango dituztela hizpide esan du.
Izan ere, bart, Parisen lurreratu bezain pronto, txio bat idatzi zuen Trumpek Twitter sarean esanez "oso iraingarria" zela Macronek Europar armada sortzea proposatu izana, "Txinaren, Errusiaren eta AEBen aurrean ere defendatu ahal izateko". Trumpek INF gertuko eta irismen ertaineko misil nuklearrak deuseztatzeko tratatua utzi eta gero egin zituen adierazpen horiek Macronek.
Gaur goizean, baina, bat egin dute Europak defentsa komunerako diru gehiago jarri behar duela eta bere gaitasun militarrak indartu behar dituela esaterakoan.
"Gure defentsaren finantzaketa partekatu beharra daukagu" esan du Macronek. Trumpek "ontzat" eman ditu Macronek esandakoak, eta AEBek ere "Europa sendoa" nahi dutela gehitu du: "Garrantzitsuena justizia da, harremana justua izatea. Estatu Batuek ordaintzen dute orain Europa babesteagatik, eta hori ez da justua. AEBek puntu batera arte finantzatu behar du, baina mugak daude (...) Lagundu egin nahi dugu, eman, baina badaude beste herrialde batzuk eskua poltsikora sartu eta dirua atera behar dutenak" esan du Trumpek.
Mendeurrenaren ekitaldi nagusiak, bihar
Bi buruzagien desadostasunak berriz ere agerian geratuko dira bihar. Izan ere, 1918ko armistizioaren memorian egingo den ekitaldiaren ondoren Bakearen Foroa antolatu dute frantziarrek baina Trumpek jada esan du ez dela bigarren horretara joango.
Han izango dira, aitzitik, munduko 70 estatu eta gobernutako agintari. Helburua, aldeaniztasuna eta gobernantza mundiala bultzatzea izango da, eta horrelakorik ez du aztertu ere egin nahi Trumpek.
Gaur gauean, dena dela, guztiek elkar ikusiko dute Orsay Museoan egingo duten afarian.