Mundua -
EPIDEMIA
Historiako ebola-agerraldi gogorrena dute Kongon, 319 kasurekin
Lehengoz piztu da epidemia gerran dagoen lurralde batean. Gatazkaren ondorioz lekualdatzen ari diren milaka pertsona ebola birusarekin harremanetan egon ahal izan dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Abuztuaren 1ean ebola-agerraldia deklaratu zuten Kongoko Errepublika Demokratikoaren ipar-ekialdean, Ituri eta Kivu eskualdeetan, eta inoiz izan duten izurrite gogorrena bilakatu da kutsatze-tasei dagokienez. "Ebola-agerraldi honek 1976an Yambukun piztutako lehen epidemia gainditu du" jakinarazi du Oly Ilunga Osasun ministroak: "319 kasu izan ditugu orain arte; horietatik 198 hil dira".
Yambukuko izurrian 318 pertsona kutsatu ziren eta 280 hil. Orduan agertu zen gaixotasuna lehen aldiz eta, hain zuzen, ebola izena Kongoko Ebola ibaiarengatik jarri zioten.
Zaila izaten ari da gaixotasunari aurre egitea. Batetik, herritar askok uko egiten diote tratamendua hartzeari, ezjakintasunagatik nahiz sineskeriengatik, batez ere; eta bestetik, Kongo ipar-mendebaldean gatazka armatua dago eta zaila da gaitzaren kudeaketa zuzena egitea. Bestalde, lehengoz dago ebola-agerraldi bat gerra egoeran dagoen lurralde batean, eta aintzat hartu behar da gatazkaren ondorioz lekualdatzen ari diren milaka pertsona birusarekin harremanetan egon ahal izan direla.
Segurtasunik eza izugarria da inguru horretan eta horrek muga asko jartzen dizkie osasun-langileei. Hainbat eraso eta bahiketa jasan dituzte lanean ari zirela.