Mundua -
Melbournen
Pertsona bat hil eta bi zauritu ditu gizon batek, EIk bere gain hartutako erasoan
Talde jihadistak Melbourneko erasotzailea bere "borrokalarietako bat" dela esan du. Gizona ospitalean hil da, poliziak tiro egin ostean.
Agentziak | Erredakzioa
Gizon batek pertsona bat hil eta bi zauritu ditu Melbourneko (Australia) erdiguneko kale batean. Estatu Islamikoak bere gain hartu du atentatua.
Erasotzaileak merkataritza-gune baten sarreraren kontra jo du autoa, ibilgailutik atera da eta labana batekin zenbait pertsona eraso ditu. Horietako bat bertan hil da.
Talde jihadistatik hurbil dagoen Amaq agentziak eman du erreibindikazioaren berri. Agentzia horrek aipatutako iturri baten arabera, Melbourneko erasoaren egilea "Estatu Islamikoaren borrokalarietako bat da".
Victoriako Poliziaren buruak, Graham Ashtonek, erasotzailea ospitalean hil dela baieztatu du. Agente batek tiro egin dio.
Ashtonek ez ditu bere identitateari edo motibazioei buruzko datu gehiago eman, baina esan duenez, gizona eta bere familia ezagutzen zituen poliziak eta Inteligentzia eta terrorismoaren kontrako agentziek.
"Gizon honi buruz dakigunaren arabera, eraso terrorista bezala ikertzen ari gara gertatutakoa", esan du.
"Barbakoak egiteko zenbait gas-botila" aurkitu ditu Poliziak autoaren barruan, eta gezurtatu du erasotzaileak "Allahu Akhbar" (Ala handia da) oihukatu duenik.