Mundua -

Brasil

Lula Da Silva espetxeratzea agindu zuen epailea izango da Brasilgo Justizia ministroa

Bestalde, Bolsonarok baieztatu duenez, Brasilek Israelen duen enbaxada Tel Avivetik Jerusalemera lekualdatuko du, nazioarteko agintariek emandako irizpideari kasurik egin gabe.

Sergio Moro epaile federalak onartu egin du Bolsonaroren gobernuko Justizia ministroa izatea / EFE
Sergio Moro epaile federalak onartu egin du Bolsonaroren gobernuko Justizia ministroa izatea / EFE
Sergio Moro epaile federalak onartu egin du Bolsonaroren gobernuko Justizia ministroa izatea / EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sergio Moro epaile federalak onartu egin du Jair Bolsonaro Brasilgo presidente hautetsiaren gobernuko Justizia ministroa izatea. Bera izan zen Lula da Silva presidente ohia espetxeratzea agindu zuena, ustelkeria delituak eta dirua zuritzea leporatuta.

Justizia Ministerioko buru izatea onartu aurretik, Rio de Janeiron ordubetez egon da bilduta Bolsonaro ultraeskuindarrarekin, tokiko hedabideek jakitera eman dutenez.

“Berarekin bakarrik izandako bilera batean Justizia ministro gisa egin beharreko zereginen inguruan hitz egin dugu, eta ohore handiz onartu dut egindako proposamena”, esan du Morok ohar batean.

Bolsonarok, berriz, Twitter bidez idatzitako mezu batean baieztatu du albistea. “Konstituzioa eta legeak errespetatuz, ustelkeriarekin eta antolatutako krimenarekin amaitzeko egindako proposamenak ardatz izango ditugu”, azpimarratu du.

Dena dela, epaile federalaren erabakia ez dio ezustean harrapatu Brasilgo presidente hautetsiari. Izan ere, joan den asteartean Bolsonarok publikoki luzatu zion Justizia Ministerioko buru izatea. Orduan, ohar bat kaleratu zuen, “zintzoa” zela esanez.

Bolsonarok Jerusalemera lekualdatuko du Brasilek Israelen duen enbaxada

Bolsonarok berak ostegun honetan baieztatu duenez, Gobernua osatzen duenean Brasilek Israelen duen enbaxada Tel Avivetik Jerusalemera lekualdatuko du. Donald Trump Amerikako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak gauza bera egin zuen maiatzean, nazioarteko agintariek emandako irizpideari kasurik egin gabe.

Israel Estatu burujabea da. Herrialde horrek haren hiriburua Jerusalem dela esaten badu, erabakia errespetatuko dugu”, esan du ‘Israel Hayom’ aldizkari hebrearrean egindako elkarrizketa batean. Hauteskunde kanpainan zehar egindako proposamen nagusien artean zegoen lekualdaketa hori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ustezko ustelkeria politikoa albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Brasil azken ordukoa