Mundua -

Indonesiako hegazkin istripua

Hegazkinaren kutxa beltzarena izan litekeen seinale bat detektatu dute urpekariek

Indonesiako agintariek uste dute aurkitu dutela istripua izan zuen hegazkina. Urpekariak lanean dabiltza, detektatutako seinalea eta hegazkinaren kutxa beltzek bidalitakoa bat datozen konprobatzeko.

Urpekariak, erreskate lanetan. Argazkia: EFE
Urpekariak erreskate lanetan dabiltza. Argazkia: EFE
Urpekariak, erreskate lanetan. Argazkia: EFE

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urriaren 29an istripua izan zuen hegazkinaren kutxa beltzek bidalitako abisuekin lotuta egon litezkeen seinaleak hauteman dituzte Java itsasoan, Indonesiako agintariek hala aginduta, erreskate-lanetan dabiltzan itsaspekariek, The Jakarta Globe egunkariak jakinarazi duenez.

Boeing 737 MAX hegazkina itsasora erori zen, Jakartako aireportutik atera eta 13 minutura. 189 pertsona zihoazen bertan, eta agintariek uste dute ez dela inor bizirik irten. Antza denez, 35 metroko sakoneran geratu zen hegazkina.

Indonesiako Indar Armatuen buru Hadi Tjahjantoren arabera, dagoeneko aurkitu dute hegazkina. Hori dela eta, urpekariak Java itsasoko puntu jakin batera bidali dituzte, detektatu duten seinalea hegazkinaren kutxa beltzak bidalitakoarekin bat datorren konprobatzeko.

"Uste dugu, azkenik, aurkitu dugula JT610 hegaldiaren fuselajearen zati bat", adierazi du Hadik TV One tokiko telebistan. Izan ere, erreskate-taldeek seinalea jaso duten lekuaren koordenatuak dituzte, eta bertan ari dira hegazkina bilatzen.

Bi kutxa beltzak aurkitzeko, seinaleak lokalizatzeko gailuak ari dira erabiltzen. Kutxa beltzetako batek pilotuen arteko elkarrizketak gordetzen ditu; besteak, berriz, hegaldiaren datuak.

Lion Air konpainiak zuzendari teknikoa kaleratu du

Lion Air low cost konpainiak iragarri du zuzendari teknikoa kaleratu duela.

Danang Mandala Prihantoro Lion Airreko bozeramaileak ohar baten bidez jakitera eman du Indonesiako Errepublikako Garraio Ministerioarekin adostuta hartu dutela erabakia.

Gainera, Muhammad Asif kanporatzearekin batera, konpainiak Muhammad Rusli izendatu du jarduneko zuzendari Lion Air Engineeringerako. Asteazkenean hartuko du kargua.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Hegazkin istripuak Eguneko albisteak Albisteak Indonesia