Mundua -

BRASIL

Jair Bolsonaroren proposamen nagusiak

Kanpainan agindutako guztiak betetzen baditu, Hego Amerikako lehen potentziaren azken urteotako norabide ekonomikoa, soziala eta diplomatikoa goitik behera aldatuko ditu buruzagi ultraeskuindarrak.

Jair Bolsonaro, kanpainako ekitaldi batean. Argazkia: EFE.
Jair Bolsonaro, kanpainako ekitaldi batean. Argazkia: EFE.
Jair Bolsonaro, kanpainako ekitaldi batean. Argazkia: EFE.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreikuspenak bete dira, eta Jair Bolsonaro Alderdi Sozial Liberaleko (PSL) hautagai ultraeskuindarra da gaurtik Brasilgo presidente hautetsia. Urtarrilaren 1ean hartuko du kargua, eta egun horretan hasiko da kanpainan agindutakoak martxan jartzen, Langileen Alderdiak 13 urtez ezarritako politikak atzean utzita.

Armadako kapitain izandakoa da, eta Brasilgo diktadura militarra (1964-1985) sutsuki defendatu du beti. Adierazpen arrazistak, matxistak eta homofoboak egin ditu kanpaina osoan, eta, norabide horretan, Brasilgo Gobernua goitik behera aldatzea proposatu du bere programan.

Hona hemen, bere proposamen nagusiak:

ARMEN SALMENTA

Brasilek bizi duen delinkuentzia-tasa altuari aurre egiteko, armen salmenta liberalizatzea proposatu du Bolsonarok. Azken datu ofizialen arabera, urtero 60.000 hilketa baino gehiago izaten dira herrialde horretan.

PSL alderdiak programan jasotakoaren arabera, armak "erreminta bizigabeak" dira, "pertsonak hiltzeko" edota "biziak salbatzeko" erabil daitezkeenak. Bolsonarok behin eta berriz esan du "armei esker hilketa kopurua gutxitu" egingo dela.

Arma bat izatea eta bere burua defendatzea herritar guztien eskubidea dela esan izan du presidente hautetsiak. Bide horretan, Poliziari indarra erabiltzeko askatasun osoa ematea ere nahi du, eta gaizkileak epaitzeko gutxieneko adina 16 urtera jaistea proposatu du.

ERLIJIOA

Balio katolikoak eta militarrak uztartuta, erlijioa erdigunean jarri du kanpaina osoan, programaren lelotik hasita: 'Brasil guztiaren gainetik, Jainkoa guztion gainetik'.

Hauteskundeetara aurkeztea erabaki zuen egunetik, Bibliaren pasarte bat zabaldu du lau haizeetara Bolsonarok: "Egia jakingo duzue, eta egiak libre egingo zaituzte".

Gobernu berria osatzeko prestatu duen lantaldean Eliza Ebanjelikoko kideak daude, enpresaburuekin eta ekonomistekin batera.

HEZKUNTZA

Brasilgo eskoletan "ideologia gehiegi" sartu direla uste du Bolsonarok, eta, horregatik, 1964ko erregimen militarraren "egia" herrialdeko haur guztiei erakustea "lehentasuna" dela adierazi du. Alessio Ribeiro Souto Armadako jeneral erretiratua izan da, besteak beste, Hezkuntzarako programa landu duena.

Brasilgo hiriburu guztietan eskola militarrak zabaltzea da PSL alderdiaren helburua, eta Hezkuntza ministro kargua ere militar baten esku utzi nahi dute.

"Hezkuntzako edukiak eta metodoak aldatu egin behar dira. Matematika, zientzia eta portuges gehiago. Doktrinamendurik ez, eta sexu-heziketa goiztiarrik ere ez", esan izan du Bolsonarok. INGURUGIROA

Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko Parisko Itunarekin ere ez dator bat Bolsonaro, eta presidente kargua hartu orduko Brasil akordio horretatik aterako dela hitz eman du, Donald Trump AEBko presidenteak hartutako bideari jarraituz.

Brasilgo enpresaburu handienek txalotu egin dute neurri hori. Nekazarien Batasun Demokratikoa (URD) erakundean herrialdeko lurjabe handiak batzen dira, eta, horien ustez, Pariskoak bezalako akordio batek ezin ditu erabaki Brasilgo ingurugiro politikak. Brasilek bere lurrak eta bere ingurugiroa kudeatzeko "legedi egokia" du, horien hitzetan.

EKONOMIA ETA PENTSIOAK

Ekonomiaz ezer gutxi dakiela esan du askotan presidente hautetsiak, baina Chicagoko Unibertsitateko ekonomia aditu bat aldamenean izan du hasiera-hasieratik aholkulari, eta horrek sinesgarritasuna eman dio enpresarien aurrean.

Neurri asko proposatu ditu, defizita murrizteko, horietako batzuk oso polemikoak. Besteak beste, Estatuko hainbat enpresa publiko pribatizatzea nahi du Bolsonarok, inflazioa % 4,5era jaisteko helburuarekin.

Pribatizazioen bidez lortutako diruarekin pentsioen sistema erreformatzea da beste helburuetako bat; erretiroa hartzeko adina 61 urtera jaitsi nahi du gizonezkoentzat, eta 56ra emakumezkoentzat.

Brasilgo Gobernuaren egituran ere aldaketak agindu ditu, ministerioen kopurua erdira (30etik 15era) murriztuko dituela iragarri baitu.

MIGRAZIOA

Mezu oso arrazistak zabaldu ditu kanpaina osoan. Brasilen eta Venezuelaren arteko mugan abuztuan izandako liskarrei konponbidea emate aldera, "venezuelarrentzako errefuxiatu-kanpalekuak sortzea" proposatu zuen.

"Brasilek ezin dizkie bere mugak denei zabaldu", azaldu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Brasil Ultraeskuineko alderdi politikoak