Mundua -

PROFILA

Jair Bolsonaro, militar ohi ultraeskuindar bat Brasilgo agintari

'Trump tropikala' goitizena jarri diote. Brasilgo presidenteak Brasilgo diktadura militarraren (1964-1985) defendatzailea da, eta adierazpen arrazista, matxista eta homofoboak egin ditu. Covidaren kudeaketa suntsitzailea egin izana ere leporatu diote.

Jair Bolsonaro. Argazkia: EFE
Jair Bolsonaro. Argazkia: EFE
Jair Bolsonaro. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jair Bolsonaro Brasilgo presidentea militar ohi ultraeskuindarra da, adierazpen arrazista, matxista eta homofoboak egiteagatik ezaguna. Halaber, Brasilgo diktadura militarraren (1964-1985) defendatzailea da. Dagoeneko "Trump tropikala" goitizena jarri diote.

Bere agintaldian bi protagonista izan dira: pandemia garaian egindako kudeaketa hondatzailea (covidak bereziki astindu zuen Brasil, eta kutsatuen % 10 hil ziren), eta lobby ekonomikoaren mesedetan Amazoniaren suntsipena.  

Sao Paulo estatuko Campinas hirian jaiotako gizonak Brasilgo ultraeskuina agintera iristea lortu du. Horretarako, brasildar askok Lula da Silva presidente ohiaren Langileen Alderdiarekiko (PT) duten gaitzespena baliatu du. Izan ere, brasildar askok ustelkeriarekin lotzen dute 2003tik 2016ra agintean egon zen alderdia.

Bolsonarok Trump miresten duela esan izan du. Hauteskunde kanpainan eta lehenago ere adierazpen matxista, arrazista, homofobo eta xenofoboak egin izan ditu, eta kontrako jarrera eragin du Brasilen eta nazioartean. Dena den, brasildar gehienek haren aldeko hautua egin dute.

Adierazpen polemiko horien artean hauek nabarmendu daitezke. "Ezingo nuke seme homosexual bat maitatu", esan zuen 2011n. 2014an, ostera, ondorengoa esan zion diputatu brasildar bati: "Ez duzu inork bortxatzea merezi oso gaiztoa eta oso itsusia zarelako". Demokraziarekiko mehatxu bat dela uste dute askok.

22 urterekin graduatu zen Rio de Janeiroko Agulhas Negras akademia militarrean eta diktadura garaian, hamar urtez, bertan egon zen. Diktadura militarraren akats handiena torturatzea eta ez hiltzea izan zela esan zuen Bolsonarok 1999. urtean.

Familia tradizionalaren defendatzaile sutsua bada ere, hiru aldiz ezkondu da, azkenekoz 2013an.

Alderdi Sozial Liberaleko (PSL) kidearen ustez, gutxiengoek gehiengoaren aurrean makurtu behar dute. Halaber, ekonomia alorrean duen ezjakintasuna agerian utzi izan du askotan eta Paulo Guedes ekonomilari brasildarrak aholkatzen du gai horietan.

Armen erabilera defendatzen du eta delitugileen kontra zorrotz jokatzea agindu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Eguneko albisteak Albisteak Brasil albisteak Latinoamerika albisteak Ultraeskuina