Mundua -

INDONESIA

189 pertsona zeramatzan hegazkin bat erori da Javako itsasoan

Aireratu eta 13 minutura radarretatik desagertu da hegazkina. Indonesiako agintariek uste dute inor ez dela bizirik atera.

Erreskate taldeak lanean ari dira Javako itsasoan. Argazkia: EFE
Erreskate taldeak lanean ari dira Javako itsasoan
189 pertsona zeramatzan hegazkina erori da Indonesian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indonesian, Lion Air koste baxuko konpainiaren hegazkin bat Javako itsasoan erori da, Jakartako aireportutik irten eta minutu gutxira, Indonesiako agintariek baiezta dutenez. 189 pertsona zihoazen barruan. Boeing 737 motako hegazkina aireratu eta 13 minutura radarretatik desagertu egin da. Pangkal Pinang hiria zuen helmuga.

Agintarien arabera, itsasora erori aurretik, pilotuak Jakartako hiriburura itzultzeko baimena eskatu zuen.

Radarretatik desagertu den unean hegazkina Javako itsasoa zeharkatzen ari zen, Muhammad Syaugi Indonesiako larrialdi agentziako zuzendariak Jakartan eskainitako prentsaurrekoan adierazi duenez.

Sutopo Purwo Nugroho larrialdi zerbitzuetako bozeramaileak Twitter bidez berri eman duenez, hegazkinarenak izan daitezkeen zatiak aurkitu dituzte: fuselaje zatiak, eserlekuak, bidaiarien objektu pertsonalak eta abar.

 

 

Indonesiako agintariek uste dute inor ez dela bizirik atera

Salbamentu taldeetako kideak, itsasontziak eta helikopteroak lagun, Javako itsasoan lanean ari dira hegazkin-istriputik bizirik atera zitezkeen pertsonen bila. Halaber, aparatuko kutxa beltzen bila ere ari dira.

Inor bizirik irten ez denaren susmoa dute Indonesiako agintariek, Reuters agentziak jakitera eman duenez.

"Ziur gaude hegazkina itsasoan erori dela, eta 30-35 metroko sakoneran sartu dela", esan du Basarnas M. Syaugi presidenteak, prentsaurreko batean, Jakarta Post egunkariaren arabera.

Igandean egindako hegaldi batean arazo teknikoak izan zituen hegazkinak, baina astelehenean, aireratu orduko, konpondu egin zituzten, airelineak azaldu duenez.

"Hegan egiteko moduan zegoen hegazkina. Aurreko gauean, Denpasar eta Jakarta arteko hegaldian, arazoak izan zituen. Orduan, arazo horiek konpondu eta ingeniari baten egiaztapena jaso zuen", gaineratu du Edward Sirait Lion Air konpainiako zuzendariak.

Abuztuaren erdialdean egin zuen lehenengo hegaldia istripua izan duen hegazkinak. Harrezkero, 800 ordu hegaldi-ordu egin ditu.

"Kutxa beltzak aurkitu eta grabazioak aztertu arte, ezin dugu ezer baieztatu, ziurtatu du Soerjanto Tjahjono Garraioaren Segurtasuneko Batzorde Nazionaleko arduradunak. Airelineak, bere aldetik, azpimarratu du 11.000 orduko eskarmentua zutela pilotuek.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Hegazkin istripuak gaur Eguneko albisteak Albisteak Indonesia