Mundua -

Hauteskundeak Brasilen

Bolsonaro ultraeskuindarra, Brasilgo presidente berria botoen % 55ekin

Fernando Haddad ezkertiarrak ezin izan ditu inkestek aurreikusitako emaitzak irauli, eta botoen % 44 eskuratu du.

Jair Bolsonaroren jarraitzaileak, garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Jair Bolsonaroren jarraitzaileak, garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Bolsonaro ultraeskuindarrak irabazi du Brasilen

1:29

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jair Bolsonaro ultraeskuindarrak irabazi ditu Brasilgo Presidentetzarako hauteskundeak, boto guztiak zenbatuta botoen % 55,13 eskuratu baitu. Presidente hautatu berriak Michel Temerren lekukoa hartuko du urtarrilaren 1ean, eta 2022ra arte izango da Brasilgo presidentea.

Emaitza ofizialen arabera, Fernando Haddad ezkertiarrak, Langileen Alderdiko hautagaiak (PT), botoen % 44,87 eskuratu du.

PSL Alderdi Sozial Liberaleko hautagaia Brasilgo diktadura militarraren (1964-1985) defendatzailea da, eta adierazpen arrazista, matxista eta homofoboak egin ditu hauteskunde kanpainan. Dena dela, aurreikuspenak bete dira, eta garaipena lortu du, hautagai ezkertiarrari hamar puntuko aldea aterata.

Garaipenaren berri jasotakoan egin duen hitzaldian, Konstituzioa, demokrazia eta askatasuna defendatuko dituela hitzeman du Bolsonarok. "Ez da alderdi baten hitza, Jainkoaren aurrean egindako juramentua baizik", adierazi du.

Fernando Haddad hautagai ezkertiarrak porrota onartu du, eta oposizioa egiteko "erantzukizuna" onartu du. Amaitzeko, eskerrak eman dizkie babesa eman dioten 45 milioi herritarrei, eta herrialdearen zati hori errespetatzea eskatu du.

Guztira, 147 milioi brasildar zeuden botoa ematera deituta. Herrialdeko presidente berria ez ezik, gobernadoreak ere aukeratu dituzte 27 estatuetako 14tan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Brasil Latinoamerikako albisteak Hauteskundeak Ultraeskuineko alderdi politikoak